Teknologia albisteak

Aurora boreala ikusi zen bart Euskal Herrian, eta agian gaur ere bai (edo ez)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-05-11 : 16:36

Atzo arratsaldean zabaldu zen albistea, eguzki-orban erraldoia garatu dela detektatu dutela, eta ondorioz ekaitz geo-magnetiko bat hurbiltzear zela Lurrera, GPSak eta telekomunikazioak potentzialki ukituz, eta aurora boreal eta australen intentsitatea eta hedapena areagotzeko aukerarekin. Aurora polarren fenomenoa gertatu zen, bai, bart gauez, baita Euskal Herritik ikusgarri ere bai. Zientzialariek ohartarazi dute eguzki aktibitatearen eragin geomagnetikoek asteburuan zehar ere jarraitzen dutela, baina horrek gaur gauean aurorarik eragingo ote du Euskal Herrian ikusteko modukorik? Ezin da jakin, ohartarazi du Arantzadi Zientzia Elkarteak, agian bai, eta beharbada ez.

Irudiko aurora Lapurdiko kostalde partean ikusi zela uste dugu, Xabi Ezpeletari ikusi diogu Mastodonen eta erabiltzen utzi digu. Dirudienez gauerdi aldean ikusi zen bart, kostaldeko partean eta iparraldera begira ondoen. Gaztelugatxeko ikuspegi hau ikusi dugu sareetan, adibidez:

Auroren ohiko kolore eta forma ugarien ordez, bart gertatua aurora gorria izan omen da, eta Euskal Herrian ikusi dena diztira bereziki morea ikusi zitzaion. Baina ikusgarria, dena dela.

Errepikatuko ote da gaur, eguzki aktibitatearen eragin bereziak irauten badu? Ez dakigu. Gertatuz gero, ikusgarritasunaren kaltetan izan daiteke lainoak datozela aurreikuspen meteorologikoen arabera; zerua garbi badago, ostera, ilargia oso ezkutatua egotea onerako izango litzateke.

Fenomenoa, dena dela, oso ezohikoa da. Eguzki-orbanak eta hari lotutako maila honetako aktibitate magnetikoa ez da ikusi 2003. urtetik, eta agian orduko fenomenoa baino indartsuagoa da 2024ko hau.

Sarean aurkitu ditugu auroren probabilitatea iragartzen omen duten webguneak, baina ez gaude oso seguru ondo dabiltzan. Bart gauerako %1eko aukera ematen zuten Euskal Herrirako, eta gertatu egin zen fenomenoa. Beste webgune batzuk, berriz, bidaia agentzientzako amua dira, Laponia eta horrelako tokietara bidaiak saltzeko.

Dena dela... adi egon!

Erantzun

Sartu