Teknologia albisteak

Gladys Saria: 2024ko deialdia ireki da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-05-05 : 09:15

Puntueus Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateak Gladys Sariaren laugarren ediziora hautagaiak aurkezteko epea ireki dute jada. Ekainaren 20ra arte ruskal ingurune digitalean lan egiten duten emakume gazteak (40 urte artekoak) aitortzea da sariaren helburua, eta irabazleak 4.000 euro jasoko ditu. Sariak, jakina, Gladys del Estal informatikari eta ekintzaile ekologista erailaren izena darama.

Joan den astekoagerraldian antolatzaileek adierazi zutenez, Gladys Saria "erreferente bilakatu da jada euskal ingurune digitalean lan egiten duten emakume gazteen aitortzan. Izan ere, neska gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzea du helburu, horrela euskal erreferente berriak sortuz."

Aurreko urteetako Gladys saridunak izan dira, hain zuzen:

Hautagaiek bere burua aurkez dezakete sarira, baina erakunde, enpresa edo norbanako batek ere proposatu ahalko du hautagaiaren izena eta bere merezimenduak azaldu. Era berean, epaimahaiak ere aurkez ditzake hautagaitzak. Sari bakarra izango da, baina epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

  • Proiekzioa: hautagaiak duen etorkizuneko proiekzioa baloratuko da.
  • Ibilbidea: hautagaiak garatu duen ibilbide profesionala baloratuko da.
  • Profila: emakumeak ingurune digitaleko sektorean inspiratzeko eta ahalduntzeko profila izatea.

Aurrekoez gain, hautagaiaren lanean eta ibilbide profesionalean euskarak izan duen presentzia ere baloratuko da. Hautagaiaren egoera pertsonalek bere ibilbide profesionalean izandako eragin edo etenaldiak ere aintzat hartuko dira.

Hautagaitzak aurkezteko eta informazio gehiago, webgunean: https://gladyssaria.eus/ 

(argazkian, joan den asteko agerraldian Olatz Arbelaitz EHUko Informatikako Fakultateko Berdintasun Batzordekoa, Nerea Isasi Gipuzkoako Aldundiko Berdintasuneko foru zuzendaria, Lorea Arakistain Puntueuseko marketin zuzendaria, eta Idoia Bustinduy Danobatgroup industria taldeko komunikazio arduraduna, sarien babesle gisa).

Erantzun

Sartu