Teknologia albisteak

Athletic Sevillan: taberna-zerbitzari euskaldunak enplegatzearen eskandalua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-04-06 : 09:35

Espainiako gizonezko futboleko Errege-kopa jokatzekoa da gaur larunbata apirilak 6 Sevillan, Athletic Club eta Mallorca taldeen artean. Entzungo zenuten zerbait, ze oso komentatua izaten ari da. Besteak beste, Antena3 telebistari eskandaluzkoa iruditu zaio nonbait Sevillan antolatu duten fanzone edo zaletuentzako ferian, Athletic Hiria delako batean, zerbitzariak kontratatzeko euskara jakitea komeni zela. Tira, ezer eskandaluzkoa bada, zabaldu diren lan baldintzak izan dira.

Hemen duzue Antena 3eko albistea, eskandaluz betea. Espejo Público saioko iruzkingileek "paletada" eta erridikulua iritzi zioten eskaintzari.

Delako eskaintza Nortempo ordukako lanen enpresak jarri zuen Iberempleos atarian, hemen itxura batean. Baina artikulu hau idazten ari garenerako, badirudi kendua dagoela euskara eskatzearena edo baloratzearena. Denboraz gaindi ere egongo da, eta gainera, ez dirudi harrera onegia izan duenik eskaintzak, behintzat online zerbitzu horrretan. Izan ere, Mastodonen irakurri dugunez, zortzi orduko txandagatik 100 euro zen eskatzen zena, eta norberak bere kasa joan beharra zeukan Sevillara. Horrek badirudi eskandaluzkoa, gure aburuz.

Futboleko partidari dagokionez, gaur izango da 21.30etatik aurrera jokoan. ETB1ek euskaraz, eta EITB.eus webgunearen bidez ere bai, non atal berezia sortu duten informazio bereziatuarekin.

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago