Teknologia albisteak

Matematikari eta Hizkuntzalari euskaldunen topaketetarako deialdiak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-03-21 : 10:29

Tira, izenburuan batu ditugu, baina Matemarikari Euskaldunen Topaketak dira alde batetik, eta Hizkuntzalari Euskaldunen Topaketak bestetik. Baina Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) udan bere udako ikastaroen barruan antolatuko dituen biltzar hauetarako deialdiak orain egin dituenez, horra informazioa (eta matematikari-hizkuntzalaririk ere egongo da hortik, komunikazioa bietara bidaltzeko gauza denik).

Matemarikari Euskaldunen Topaketaren VI. edizioa izango da aurtengoa, eta apirilaren 12a arte izango da epea komunikazioak aurkezteko. Jardunaldiak ekainaren 17an (astelehena) egingo dira, Eibarren, 2024ko Udako Ikastaroen barruan.

Hizkuntzalari Euskaldunen VII. Topaketa, berriz, ekainaren 27an izango da Iruñean, Katakraken. Borja Ariztimuño ikertzaileak emango dio hasiera, eta, ondoren, parte hartzen duten ikertzaileen komunikazio laburrak etorriko dira, bakoitza galdera-erantzunetarako bere tartearekin. Kasu honetan jarri zaio lelo bat topaketari: Hizkuntzaren ikerketa gaur egun. Komunikazioak proposatzeko azken eguna, apirilaren 12a.

Bi urtetik behin egiten dira biltzar hauek. UEUk egiten duen beste topaketa zikliko bat ere, Informatikari Euskaldunen Biltzarra, aurten tokatzen da baita ere, udazkenean, baina horretaz informatuko dugu aurrerago.

Erantzun

Sartu