Teknologia albisteak

Euskara online ikasteko Ingura sistema martxan jarri du Jaurlaritzak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-03-21 : 10:52

Eusko Jaurlaritzak euskara online ikasteko eta irakasteko Ingura plataforma digitala abian jarri du. HABEren Boga auto-ikaskuntza sistema ordezkatzera dator Ingura, eta A1 lehen mailatik C1 maila aurreraturaino eskainiko ditu edukiak, batzuk doakoak, eta beste batzuk euskaltegi edo edo autoikaskuntza-zentro bateko matrikula bidez eskuratzekoak. Hasteko A1 mailako atal doako eta irekia eskuratu daiteke, lau hizkuntzatan (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa), eta datorren 2024-2025 ikasturtean A1 ikastaro osoa eskainiko da, baina esan bezala matrikula ordaindu beharko da horretarako.

Jaurlaritzako Kultura Sailak zabaldutako prentsa-oharraren arabera, unitate bakoitzaren abiapuntua egoera-bideo bat da. Bertan egunerokotasunean ohikoa den egoera komunikatibo umoretsu eta hurbila eskainiko da, ahoskera, erritmo eta hizkuntza erreala eta naturala erabiliz. Bideoaren hizkuntza, gaia eta gertaera komunikatiboa behatu eta landuko dira unitatean zehar, eta ikasleak hasiera-hasieratik mintzatzeko eta idazteko aukera izango du.

Hona lehen unitateak nola ageri diren:

Nork kasuaren lehen agerpenera sartuta ingelesez...

Azalpen-bideoan unitatean langai den edukiak irakasle batek azaldu eta adibide gehiago eskainiko ditu. Erabiltzaileak bideo hauen bilduma beti eskura izango du. Autozuzenketako ariketak ere badaude unitateetan: gramatika, hiztegia, mintzamena eta kultur edukiak lantzeko jarduerak ere txertatu dira.

Probatu nahi baduzu, edo euskara ikasi nahi duen norbaiti esan nahi badiozu, hauxe da helbidea: http://www.inguraonline.eus/ 

Erantzun

Sartu