Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak Euspodcast Play egitasmoa jarri du martxan, bideojokoen inguruko podcastak eta bideo podcastak oinarri hartuta, nerabeak eta gazteak euskarazko eduki digitalak sortzera animatzeko.
Horretarako, 6 podcast eta 4 bideo ekoitzi ditu, produktu horiei buruzko argibide teorikoak emateaz gain, gazteek praktikarako aholkuak jaso ditzaten. Bestalde, baliabide horiekin batera, idatzizko gidak ere prestatu ditu, materialak hainbat formatutan kontsultatu ahal izateko. Material guztiak eskuragarri daude espreski sortutako webgunean: https://euspodcastplay.asmoz.org/
Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza izan du.
Gazteria podcasten sorkuntzara hurbiltzea da Euspodcast Play-ren asmoa. Helburu horrekin, askotariko gaiak lantzen dira; besteak beste, formatu honen historia, gidoia idazteko gidalerroak eta podcast eta bideo podcast genero askoren azalpenak. Horiek ez ezik, azken urteetan nerabe eta gazteen artean oso ospetsu egin den bideo podcastaren aldaera ere jorratu da. Beraz, anima zaitez eta izan euspodcaster!
Erantzun
Sartu