Teknologia albisteak

Alzheimerra, zientziaren filosofia eta ekologia landuko dira “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-03-01 : 11:15

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloa. Udaberrian, hiru saio eskainiko dira: martxoaren 12an, apirilaren 16an eta maiatzaren 7an. Saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloa. Udaberrian, hiru saio eskainiko dira: martxoaren 12an, apirilaren 16an eta maiatzaren 7an.

Egitasmo honen xedea da emakume zientzialariak ezagutzea. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.

Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-komunikatzailearen eskutik: Miren Altuna Azkargorta, Arantza Etxeberria Agiriano eta Aitziber Sarobe Egiguren.

 2024ko udaberriko solasaldi-zikloa

Lehenengo saioa martxoaren 12an izango da. Miren Altuna Azkargorta neurologoa izango da protagonista, eta izenburu hau izango du solasaldiak: “Aurrerapenak alzheimerraren diagnostikoan eta tratamenduan”.

Miren Altuna Azkargorta (Zarautz, 1988) neurologoak garuneko gaixotasun degeneratiboak ikertzen ditu; bereziki, alzheimerra. Azkenaldian izan diren aurrerapenei buruz hitz egingo du: diagnostikoa, tratamendua… Azken horri dagokionez, bizi-ohitura osasungarriek duten garrantzia azpimarratuko du. Gainera, Downen sindromea ere izango du aipagai. Izan ere, Downen sindromea duten pertsona guztiek, nahikoa urte bizi badira, alzheimerra garatuko dute.

Arantza Etxeberria Agiriano filosofoa izango da ondoren. Apirilaren 16an izango da bigarren solasaldia, “Filosofia, zientziak eta bizidunak gurutzatzen diren lekua” izenburuarekin.

Arantza Etxeberria Agiriano (Oñati, 1962) EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakaslea da, eta bertako IAS-Research Group on Life, Mind and Society taldeko ikertzailea. Besteak beste, gai hauek lantzen ditu: autonomia eta indibidualtasuna biologian eta medikuntzan, garapenaren biologia ebolutiboa, heriotzaren ikuspegi biologikoa, eta, zientziaren filosofian, sailkapenak zientzian eta gizartean (generoa, arraza).

Hirugarren protagonista, berriz, Aitziber Sarobe Egiguren biologoa izango da, maiatzaren 7an. Solasaldiaren izenburua: “Zer esan nahi dute, benetan, jasangarri, trantsizio, ekologiko eta abarrek?”.

Aitziber Sarobe Egiguren (Zarautz, 1974) biologian doktorea da, eta ekologian espezializatuta dago. Irakaslea da HUHEZIn, eta, militantzian, Arkamurka Zarauzko natura-taldeko kidea da, baita Naturkon Gipuzkoako talde ekologistarena ere. Urteak daramatza naturaren kontserbazioaren alde lanean, eta, ikuspegi horretatik eta ebidentzia zientifikoetan oinarrituta, kritikagarriak iruditzen zaizkio lurraldearen gainean hartu diren eta hartzen ari diren hainbat erabaki.

Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahal izango dira. Horretaz gain, zientzia.eus-ek “Emakume-zientzaialarien-argitan” podcast-atal berria sortu du, eta han ere izango da aukera solasaldi-ziklo honetan parte hartu duten emakume guztien hitzaldiak entzuteko.

Erantzun

Sartu