Jarduera ekonomikoan hizkuntza-kudeaketaren erronkak aztertuko dituen Languages Lanean Nazioarteko Kongresua izango da Bilbon, lehen edizioa, jarraipen gogoarekin antolatu baitu hau Eusko Jaurlaritzak. Urtarrilaren 18an Euskalduna Bilbao Jauregian izango da, eta 19an, Guggenheim Bilbao Museoan. Euskal Herriko zein nazioarteko hizlariak daude egitarauan, hitzaldi eta mahainguruetan antolatuta.
Kongresuaren jomuga da lan munduan hizkuntza-kudeaketak duen garrantzia azpimarratzea eta eremu sozioekonomikoan hizkuntza-kudeaketa aurreratua duten erakundeen praktika onak zabaltzea. Era berean, etorkizunari begiratzen dio kongresuak, sektore sozioekonomiko globalizatu bati, non hizkuntza-kudeaketa beharrezkoa den kalitatezko zerbitzua eskaintzeko eta merkatuan lehiatzeko.
Urtarrilaren 18an, osteguna, Euskalduna Jauregian, nazioarteko erreferentziazko erakunde eta enpresetako ordezkarien aurkezpenekin abiatuko da kongresua, hala nola, hezkuntza, industria, finantzak eta administrazio publikoa. Sektore ezberdinetako ordezkariak eta orotariko mintzagaiak egongo dira arratsaldean: hizkuntza kudeaketak zerbitzuen kalitatean duen garrantzia, enpresa publikoak traktore gisa egiten duten lana, hizkuntza teknologiak, enpresen nazioartekotzeak dakartzan aukerak eta erronkak, aurrera egiteko baliabide eta tresnak…
19ko jardunaldia, ostiralarekin Guggenheim museoan, kultura arloko eragileen txanda izango da. Tartean, Pello Reparaz, Itziar Ituño eta Estibaliz Urresolaren esperientziak eta hausnarketak entzun ahal izango ditugu. Behin betiko parte-hartzaileen zerrenda osatzen joango da datozen asteetan.
Biltzar hau antolatzen du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta antolakuntzan laguntzaile ditu Eudel, UEMA, Bilboko Udala, Donostiako Udala, Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Nafarroako Gobernua.
Informazio gehiago: https://languageslanean.euskadi.eus (bertatik izen-ematea, ezinbestekoa baina doakoa).
Erantzun
Sartu