Teknologia albisteak

Zaintzaren aldeko greba feminista (azaroak 30) eta kazetarien aldarria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-11-23 : 19:39

Gaur zortzi, datorren asteko ostegunean (azaroak 30), Greba Feminista Orokorra deitu dute zenbait sindikatuk eta erakunde feministak Euskal Herrirako. "Denon bizitzak erdigunean" leloarekin (grebaren webgunerako domeinu hori bera aukeratu dute), zaintza eskubide kolektibo baten aldeko erreibindikazioa izango da. Honen harira aipagarri, kazetari feministen aldarrikapen bat, atxikimenduak biltzeko zabaldu dutena sarean.

Hala dio kazetarien agiri horrek, besteak beste:

Zaintza krisia agenda publikoaren erdigunean egoteko garaia da. Ez da da sektore bateko arazoa, afera estrukturala baizik, eta norbanako guztioi eragiten digu.

Horregatik, zaintzak ikuspegi feminista eta kalitatezko kobertura behar du. Horren aldeko apustua egiten dugu eta hedabideei ere gauza bera egitea eskatzen diegu.

Baina zaintzaren leitmotiv horretatik kanpoko gaiak ere aipatzen dira:

Greba egingo dugu gure lanbidean jasaten digutun sexo erasoak isilpean kontatzeaz nekatuta gaudelako. Urteak daramatzagu sare feminista ehuntzen eta elkar zaintzen, baina tabua hausteko garaia da eta indarkeria sexistarik gabeko lanbidea aldarrikatzeko altxatzen gara. Langile eta feministak gara, eta grebara deituta sentitzen gara aldarrikapen guztiak partekatzen eta defendatzen ditugulako, baina, aldi berean, kazetariok historikoa izango den greba feminista orokorra kubritzeko konpromisoa sentitzen dugu. Mugimendu feministak estaldura mediatikoa merezi du.

Agiria osorik hemen, eta grebaren webgunea: Denonbizitzakerdigunean.eus 

Erantzun

Sartu