Teknologia albisteak

Jokoteknia, 6. edizioa datorren asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-11-03 : 16:54

Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren seigarren edizioa egingo da azaroaren 11n, larunbatarekin Euskararen Etxean, Bilbon, 09:45etik 13:00etara. Jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da EITBren webgunetik

Aurtengo jardunaldian askotariko gaiak aztertuko dira, betiere bideojokoak eta euskara ardatz direla. Lau hitzaldi nagusi egongo dira: 

  • Daniel Muriel soziologo eta ikertzailea bideojokoen garrantzi sozialaz arituko da;
  • Eider Zabalegi eduki sortzaile eta bideojokozaleak edukiak sortzeaz eta euskaraz arituko da, biak uztartuz;
  • EHUko irakasle Edurne Larrazak bideojokoak eta hezkuntza izango ditu hizpide; eta, azkenik,
  • Highnoon Ekain (Ekain Zarraua) bideojoko garatzaile eta ekoizlea bideojokoen sormen prozesuan murgilduko da.

Hizlari horien profil osatuagoak hemen.

Horiekin batera, mahai ingurua izango da Digipen Europe-Bilbao Institute of Technologyko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleen parte hartzearekin.

Argazkia, gaur egin den aurkezpenekoa. Informazio gehiago: https://jokoteknia.eus/ 

Erantzun

Sartu