Zomorro Studiok, Game Erauntsia Elkarteak eta EHUk Euskal Game Jam izeneko ekimena antolatu dute. Bideojoko sortzaile euskaldunak batzeko zein elkar ezagutzeko, euren abileziak agerian jartzeko eta harremanak sortzeko ekimena izango da, euskara hitsezko lehen Game Jama.
48 orduko epean bideojoko bat sortzeari ekingo diote euskara hutsean egingo den lehen Game Jameko parte hartzaileek. Azaroaren 17an 18:00etan hasiko da sormen prozesua; bi egun ondoren, azaroaren 19an, proiektuak bukatuta eta itch.io plataforman argitaratuta eduki beharko dituzte.
Izen ematea abian da. Partaideek www.gamerauntsia.eus webgunean sartu eta eskatutako datuak idatzi beharko dituzte. 18 urtetik gorako pertsona orok doan parte har dezake; halere, bideojokogintzan oinarrizko ezagutzak edukitzea nahitaezkoa da. Arau eta baldintza guztiak izen emate fitxan aurkitzen dira.
Ekimen osoa euskara hutsean egingo da, eta aurkeztutako bideojokoak euskaratuta egon beharko dira. Hizkuntza gehiagotan egon daitezke, bai Game Jamean, bai honen ostean. Hori dela-eta, gutxienez talde bakoitzeko ordezkariak euskaraz hitz egiten jakitea eskatuko da.
Erantzun
Sartu