1973an Papillon filmaren eszena batzuk Hondarribian filmatu ziren. Filmaren hasieran txertatu ziren gero Hondarribiko kalean, nola preso frantziarrak untzietan sartu zituzten Guianako tropikoko uharte-espetxe krudeletara eramateko, horien artean bi preso protafonistak Steve McQueen eta Dustin Hoffman. 50 urteren buruan, erakusketa egin dute Hondarribian: "Papillon, Hondarribiko istorio bat". Urriaren 31a arte dago irekia, Arma Plazan, igandeeran 14.00ak arte bakarrik.
Erakusketaz gain, filmaketa hartan extra bezala lan egin zuen Joxe Aranzabal blogariak sarrera polita idatzi du bere blogean, Faroan.
Besteak beste, kontatzen du nola egin zuten greba errodajean:
"Ikusita errodaje-egunak oso luzeak zirela, laugarren egunean-edo greba egin genuen, diru gehiago eskatzeko. Hiruzpalau orduz, hor nonbait, errodajea etenda egon zen. Baten batek deskubritu zuen polizia nazional batzuk , garai hartako grisak, estra moduan ari zirela lanean, eta grebak iraun bitartean haiek ez zekiten non sartu, garai hartan greba guztiak legez kanpokoak ziren-eta. Halako batean, produktorak onartu zuen soldata-igoera, eta errodajeak aurrera egin zuen."
Gorabeheren ondoren, irudietan behintzat ez zen agertu inon Joxe Aranzabal... ondo errepasatuko zuen zeluloidea!
Papillon klasiko bat da. Henri Carriere Papillon presoa benetako pertsonaia izan zen (Steve McQueenek gorpuztua) baina bere memoriak (filmaren oinarriak) guztiz benetakoak ote diren beste kontu da. Haren ondoan, preso ahulago baina buruargiagoaren rola bete zuen Dustin Hoffmanek, Louie Dega-ren rola.
Bertsio originalean, ingelesez, ikustekotan, hemen euskarazko azpidatziak.
Erantzun
Sartu