Teknologia albisteak

Aire bidezko eskuorri mehatxatzaileak, Gazan gaur, Euskal Herrian 1937an

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-10-13 : 18:17

Milioi bat palestinarri egun bat eman die gaur Israelek Gaza iparraldetik irteteko, hegoalderantz joateko. Epea beteko da bihar, astebete izango denean Hamasek erasoari ekin eta gerra hau hasi zela. Ultimatum mehatxatzailea airetik botatako propagandarekin osatu du Israelek, Hamdat Salhut kazetariaren irudi batean ikusi dugunez. Ez dugu arabiera ulertzen hor, baina mapa aski argia da, Gazako zein zonaldetik alde egin behar duten biztanleek ikusten dugu. Eskuorri beldurgarriak gogoratzen digu 1937an Bizkaiko ofentsibari ekin aurretik Emilio Mola jeneral frankistak airetik bi hizkuntzatan zabaldu zuen mehatxua, "Azkaneko deia" abisua.

Hona Molaren mezua 1937an. Gaztelerazko testua hemen.

Azkaneko deia

España'ko nortian darabilgun guda edo guerra au beriala amaitzeko asmua artu dot.

Iñor il ez badozue eta daukozuezan armak itxi eta gugana etorten bazarien suen bizija eta ondasunak gordeko doguz zuentzako oker barik.

Onela gaur berian egiten badozuen Bizkai guztiak deseguin edo apurtuko dot, guda edo guerra´ko Fabriketatik azirik.

Jakin eguizue ziur eguiteko oso-oso guertauta nagoala biar diran gauza guztiak ezkuetan daukedaz at.

General Mola.

Irudian:

 

Eskuorriak banatu ondoren, 1937an Bizkaiko ofentsiba hasi zen. Haren parte izan ziren, besteak beste, zibilez (eta bereziki errefuxiatuz) betetako herrien kontrako aireko erasoak, hala nola Durangoko bonbardaketa edo Gernikakoa, biak Mola eta Franco eta matxinatu espainiarren aliatuek eginak, bata italiar hegazkintza faxistak, besta Luftwaffe naziak.

Gazako zerrendan, mehatxuak esparru geografiko zehatz bat hartzen du. Gaza guztiari esan ohi diogun arren, Gaza hiria zerrendaren iparraldean dago, milioi bat biztanlerekin zerrendako populazio osoa bi milioi direnean. Hori guztia hustu behar omen dute palestinarrek biharko, eta Wadi Gaza ibaiaren hegoaldera igaro. Iparraldeko partea okupatu edo nolabait txikituko duela Israelek bihartik, hori ematen du aditzera mehatxuak.

Hona hasieran aipatu dugun txioa,

Aire bidezko eskuorrien jaurtiketa gerra psikologikoaren alderditzat hartzen du ingelesezko Wikipediak praktika honi ematen dion definizioak.

Erantzun

Sartu