Teknologia albisteak

Durangoko Azokan Kabia atal digitala betetzeko deialdia

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-10-11 : 09:19

Durangoko Azokan Kabi@ edo Kabia izan ohi da azken urteotan atal digitala. Aurtengo edizioan, espazio nagusian izango du tokia abenduaren 6an, egun batean kontzentraturik. Bertan demoak, proiektuak, egindakoak aurkezteko, Kabia deialdia irekita dago.

Teknologia eta kultura libreen gunea da Kabi@. Kultura digitalaren eremuan aktiboak diren pertsonak biltzen ditu: sortzaileak, profesionalak, garatzaileak, ekintzaileak eta hezkuntza arlokoak.

Zerbait proposatu nahi? Esperimentazioa, sormena, erakusketak, tailerrak, proiektuak, topaketak, hitzaldiak, partehartzea, eztabaidak... Tokia: Abenduaren 6an Landakoguneko areto nagusian.

Azokaren 2023ko edizioa, 58.a, abenduaren 6tik 10era izango da, eta ikasleen goiza ez da izango lehen egunean (Kabiak hartuko duelarik), 7aren goiza baizik. Egitarauari dagokionez, Kabian bezala oraindik zabalik dago proposamenak egiteko aukera, urriaren 15era arte, webgune nagusiaren bitartez.

Alor digitalari dagokionez, beste nobedade bat da 2020an ireki zen azoka digitala (pandemiaren ondorioz behartuta), iaz fisikoarekin lotuta egon zena, aurten ez dela egongo. Antolatzaileek prentsaurrekoan iragarri zuten aurten alor presentziala indartu nahi zutela.

Erantzun

Sartu