Teknologia albisteak

Adimen Artifiziala Auzitan: ideia sustapena, bekak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-09-18 : 13:35

Badalab Hizkuntza Berrikuntzako foru erakunde gipuzkoarrak ideia sustapenerako beka deialdia egin du, Errenteriako Humanitate Digitalen Ikergunearekin eta Tabakalerako Medialab bulegoarekin batera, Adimen Artifiziala Auzitan egitasmoan lau lan bultzatzeko. 

Lau beka independente izango dira. Bakoitzari 1.500€ko ekarpena egingo zaio, eta lan bakotzaren helburua da "Adimen Artifiziala hizkuntza (gutxituen) biziberritzean txertatzen duten, (herritarren) sormen eta esperimentaziorako lanketekin uztartzen duten eta/edo herria eta teknologiaren (kuestionamendu) lerroak proposatzen dituzten esplorazio prozesu berriak sustatzea, etorkizunean proiektu esperimental handiagoa bilakatzeko potentziala duten hastapeneko ideia inspiratzaile edo hipotesiei bultzada emanez."

Deialdiak halako puntuen intersekzioan dauden ideiak landu nahi ditu:

  • Teknologia berriek eta bereziki adimen artifizialak hizkuntza gutxituen biziberritzearekin duren erlazioa
  • Teknologiak komunitatean duen eraginaren kuestionamenduarekin, sorkuntzarekin eta/edo euren arteko edozein intersekziorekin lotura duten ideiak.

Laguntza ekonomikoaz gain, ideia hautatuei Badalabeko, Humanitate Digitalen Ikerguneko (UEUren eta Errenteriako Udalaren arteko ekiemena) eta Tabakalera Medialabeko lantaldearen laguntza teknikoa, baliabideak eta espazioak eskainiko zaizkie, beharren eta aukeren arabera. Edozein kasutan, ez da egonaldia egiteko deialdia.

Proposamenak aurkezteko epea urriaren 2an amaitzen da. Informazio gehiago Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta Badalaben webgunean.

 

Erantzun

Sartu