Ireki dute jada Primeran, EITBren streaming plataforma berrian. Web bidez eta Android aplikazioaren bidez ikus daiteke oraingoz. 3.000 eduki inguru dituela esan du EITBk estreinaldi honetan, film eta telesail-atalen artean. Eta asmoa da eduki horiek handitzea, beraietan %99 euskaraz egongo delarik (hizkuntza originala, bikoizketa edo azpidatzi bidez).
Edukietan nabigatzeko, zer dagoen ikusteko, aski da sartzea, eta euskara edo gaztelania aukeratzea. Aukeraren ondoren, edukia ikusteko, kontua sortu behar da. Doan da baina ikus-entzunezkoak abiatu aurretik iragarkiak daude.
Ikusteko:
Aurrerago Android TV bertsio bat iPhoneetarako iOS bertsioa ere irtengo da. Telebistan ikusteko, Android bertsioa ederki lotzen da Chromecast bidez.
Interfaze erraza du, edukia aurkitu, ikusteko eman, eta parametroetan audio eta azpidatzi aukerak ikusgai. Telebistara pasatzekotan, txukun doa aukeratua,
Edukietan, euskal zine ekoizpen dexente ikusi dugu, gazteleraz edo euskaraz eginak orijinalki. Eta ETBk egin izan dituen telesailak ere bai.
Eduki berrien artean, nazioarteko sorta berri bat, Viaplay aliantza eskandinabiarreko edukiak, bertako hizkuntzetan (suedieraz eta) baina euskarazko azpidatziekin. Nazioartean zabaldu izan den beste edukiren bat ere badago, beharbada ezagunena My Mad Fat Diary telesaila, bikoiztua ikus daitekeena (eta euskarazko azpidatziak aukera), ez audio bertsio originalean.
Viaplay kanpoko kolaborazioaz gain, Euskal Herriko beste eduki-sortzaile edo biltegi batzuek ere elkarlana egingo dute EITBrekin Primeranen, tartean Tokikom, Euskadiko Filmategia eta Donostiako Zinemaldia.
Etorriko diren edukien iragarpena ere badago Primeranen. Adibidez, El Vasco filma, urriaren 13an iritsiko da plataforma. Itxaso telesaila, aurre-estreinaldi baten ondoren Donostiako Zinemaldian, irailaren 28an egongo da plataforman, eta iragarpenean ikusi dugunez, telesail osoa ikusgai, hau da, ulertzen duugunez atal guztiak eskuragai aldi berean hala Netflixek sarritan egiten duen bezala.,
Datorren astean, irailaren 21ean ekitaldi berezi batean aurkezpena ofiziala izango du Primeranek Donostiako Tabakaleran. Han izango da plataformako zuzendariak, EITBk kontratatu duen Alex Gibelalde, Google, Twitter eta Storytel-en lan egin duen Interneteko profesional euskalduna.
Erantzun
Sartu