Teknologia albisteak

Euskarazko proiektuetarako sormen bekak Aiaraldeko Kultur Faktoriaren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-08-14 : 09:32

Aiaraldeko Kultur Faktoriak, prozesu kreatiboak garatzeko espazio erreferente izan gura du eta horretarako sormen bekak jarri dituzte martxan, Mugildu Sormenean izeneko ekimenean. Euskarazko sormen proiektuentzako da deialdia. Sormenaren aterpe eta arnasgune bilakatu nahi dute Faktoria, eta bertan beste batzuen proiektua eta prozesuak garatzeko tresna dauzkate: kamerinoa, oholtza, argiztapena, soinu-ekipoa, ekonomatua, sukaldea, dutxak, aholkularitza, mentoretza, komunikazio taldea, eskualdeko sortzaileak... Bekaren helburua da espazioak eta azpiegiturak horiek bekadunen esku uztea astebetez. Proiektuak aurkeztu daitezke abuztuaren 30a arte.

Lau egonaldi eskaintzen dira beketan, baldintza hauekin (besteak beste):

  • Lau sormen egonaldi, lau proiektu edo prozesu kreatibo garatzeko.
  • Aste oso batez sormen prozesu edota entseguetan murgiltzeko aukera, emaitzaren kezkarik gabe.
  • Bakoitzari 1.000 euroko balioa duen laguntza ekonomikoa, dietak eta BEZ barne.
  • Faktoriaren espazioak erabiltzeko aukera. Laudion dago Aiaraldeko Kultur Faktoria

Norentzat den:

  • Edozein diziplinatako sortzaile euskaldun ororentzat, eskuartean edo abiatzeko daukan proiektu edota prozesu artistikoren bati denbora dedikatu nahi diona eta espazio bat behar duena.
  • Pertsona bakarra edo taldea izan daiteke. Taldea bada, ordezkari bat aukeratuko du.
  • Eskatzaileak euskaraz komunikatzeko gutxieneko gaitasuna eduki behar du, eta sormen prozesu osoa euskaraz garatzeko konpromisoa adieraziko du.
  • Eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.

Hemen zerrendatutako baldintza eta oinarri hauek partzialak dira. Baldintza osoei adi egoteko, hemen, eta bertantxe dago baita ere izena emateko aukera.

Erantzun

Sartu