Iruñeko Arrano Elkarteren Herriko Tabernako ekimen kultural guztiak, 2023ko San Fermin jai hauetarako antolatuak, bertan behera utzi behar izan dituztela salatu dute Tabernaren arduradunek, debekatu egin dizkietalako. Udalaren aginduekin agertu diren udaltzainek jakinarazi diete, egiten zuten ekitaldi bakoitzeko 6.000€ eta 60.000€ arteko isuna jaso zezaketela. Jarraian, Herriko Tabernak zabaldutako agiria.
Adierazpen honen bidez, Karmen kaleko Herriko Tabernan aurtengo San Fermin jaietarako iragarrita genuen eskaintza kultural osoa, taberna barruan zein kalean, bertan behera uzten dugula helarazi nahi dizuegu. Gaur eguerdian, udaltzaingoa tabernara etorri da, eskaintza kulturalarekin aurrera eginez gero, isuna jarriko digutela esanez. Ekimen bakoitzagatik 6.000€ eta 60.000€ arteko isun zigorrekin mehatxatu gaituzte
Herriko Taberna, jatetxea eta taberna da, eta horretarako baimena dauka, baina hortik haratago doan proiektua ere bada. Lehenengo egunetik bestelako balore batzuk izan ditu proiektu zabal honek oinarrian; auzoan txertatutako proiektua, auzoari bizia eman nahi diona, gure inguruan gertatzen dena haintzat hartuta, elkartasunetik, herri kultura bultzatuz, tabernetan lana eta jaia egiteko beste eredu bat dagoela sinetsita, Iruñeko jaietan gure ekarpen kulturala eginda, jai handietan zein txikietan... Hau guztia, gure negozioaren onurarako soilik egiten dugula pentsa lezake norbaitek, beste eredu baten alde ezer antolatzen ez duenak, ziurrenik.
Herriko Tabernak ez ditu DJak eta kaleko eskaintza kulturala urte guztian zehar antolatzen, non gauden badakigulako eta, horregatik, auzokideak kontuan izan ditugu beti. Haiekin batzartzen gara, egin nahi duguna azaldu, izan ditzaketen eskaera eta ekarpenak jaso eta kontuan hartu, ahal duguna hobetu... finean, auzokide bat gehiago gara, eta errespetuz jokatu nahi dugu gure auzoarekiko. Aurtengo martxoaren 7an izan genuen azken batzarra, eta bertan, denon iritziak jaso genituen, hauen arabera aurten elektroak beherago jartzea erabakiz besteak beste.
Gure ustez, Herriko Tabernak antolatutako eskaintza kulturalak ez du inor molestatzen, kontrara, bestelako jai eredu herrikoi bati ekarpena egiten dio. Gainera, horren zonalde gentrifikatu eta saturatuak dituen auzo honen arazoari gure ekarpena egiten saiatu gara, eskaintza bat antolatuz beste ezer gertatzen ez zen txoko honetan. Nori egin dio honek kalte?
Gure ustez, halako gertakariek zera erakusten dute, San Fermin jaien eredu bakar baterako dagoela tokia Iruñean. Guk, ordea, bestelako jai eredu batean sinisten dugu: kalean, herrikoia, euskalduna, bizia, eraldatzailea eta bestelako balore batzuk oinarrian dituena, elkartasunetik eta elkar zaintzatik.
2007garren urtean hasi ginen eskaintza kulturalarekin, 15 urte luze joan dira ordutik, ehundaka musika talde, bakarlari, DJ, elektrotxaranga, dantzari... pasa dira gune honetatik, baita langile ugari ere. Jende askoren ekarpenarekin, beraz, San Fermin jaietaz gozatzeko txoko euskaldun eta herritar bat eraiki dugu urtez urte Iruñeko bihotzean, elkartasuna izanik hau eraikitzeko osagai nagusia.
Aurten, osagai hori beharko dugu berriro; zuen guztion elkartasunak txoko hau bete dezala beharko dugu inoiz baino gehiago. Aipatu bezala, Herrikon eta Arranon ezin izango dugu ekimen kulturalik eskaini, baina bertan lanean egongo garen 66 lagunok zuen elkartasuna beharko dugu. Eta txokoak berak ere, elkartasun txoko euskalduna izaten jarrai dezan, bertara etortzera animatu nahi zaituztegu, zuekin eraikitzen delako gune hau urtero.
Beraz, eskaintza gastronomiko zabala daukagula: gosariak, bermuta, afariak, bokatak... Eta festa egiteko jai giro ederra egongo da ere Arranon eta Herrikon, urtero bezala, eta aipatutako baloreak oinarri.
Ez dizkigute guztiontzako San Ferminak lapurtuko!
Herriko Taberna. San Fermin 2023 Iruñea.
Erantzun
Sartu