Teknologia albisteak

Prosopagnosia film laburra, finantziazioa lortzeko azken txanpan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-05-06 : 10:07

Prosopagnosia gaitzaren inguruko film laburra egin nahi du Ekain Martinez de Lizardui zinegileak, fikzio lan bat. Aktore lanak egiteko, Itziar Ituño eta Kepa Errastiren baiezkoa jaso du jada. Crowdfunding bat abian egon da eta dago, aurrekontuaren %55a estaltzeko; eta helburuaren gehiena betea du jada. Azken bultzadarako balio diezaiola albiste honek.

 

Prosopagnosia (grezieratik), "aurpegien itsutasuna" ere deitua, jendearen aurpegiak ezagutzea eragozten duen gaixotasun edo kondizio neurologikoa da. Kasurik larrienetan nork bere aurpegia ezagutzeko gai ez den pertsonak ere badira.

Puntu horretatik hausnarketa hau proposatzen du egileak: "Gutako asko "itsu" heldu gara helduarora, ez baitugu bidean tarterik hartu nor garen ezagutzeko, izan nahi dugunari buruz hausnartzeko eta izan nahi dugunarekin koherentziaz jokatzen ari garela bermatzeko. (...)Film labur honekin hausnarketa bultzatu nahi dugu, ikusleak bidaia bat egin dezan bere barneraino eta une bat har dezan bere erraietara begiratzeko eta zergatik ez, orain eta hemen, bidaia bat hasteko non dagoen ikusteko, inoiz ez baita berandu. Ala bai?"

Martinez de Lizarduiren aurreko lana, Erraiak, Filminen dago ikusgai. Irrintziari buruzko dokumental bat da Erraiak (hemen lan honi buruzko albiste osoago bat).

Prosopagnosia ekimenari laguntzeko, hemen. Ekarpena egiten duten artean, pribilejio txiki batzuk, eta sariak ere zozketatzeko.

Erantzun

Sartu