Teknologia albisteak

Txikipedia osatzeko erronkan, jomuga gisa jarritakoa bikoiztu da aurten

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-04-25 : 09:13

Ikastolen Elkarteak eta Txikipediak erronka abiatu zuten urtarrilean, "300 baietz" leloarekin. Hau egin duten hirugarren ekitaldiaizan da, eta arrakastatsua suertatu da oso: hiru hilabeteren buruan, Euskal Herriko 28 ikastolatako ikasleek Txikipediarako 631 sarrera sortu dituzte epe honetan. Jarritako jomuga bikoiztu eta gehiago.

Sortutako testuak klima aldaketa, buru osasuna, emakume kirolariak eta Euskal Herria landu dituzte batik bat. Guztira 28 ikastolatako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako 1.600 ikasle inguruk hartu dute parte ekimen honetan, hiru edo lau ikasleko taldetan banatuta.

Hiru fasetan burutu da proiektua. Lehenbizikoan, erronkaren aurkezpena egin zitzaien ikasleei, Ikastolen Elkarteko dinamizatzaileen eskutik, eta besteak beste gai hauek jorratu zituzten: sentsibilizazioa, arakatze jarduerak, planifikazioa, gaien aukeraketa…

Sarrera berriak sortzea izan zen bigarren fasea: Txantiloiak eta ereduak izan zituzten ikasleek eta aukeratutako gaiaren gaineko artikuluak edota pertsonaien biografiak sortu zituzten.

Azkenik, sarreren argitalpena egin zuten. Saio horretan artikuluen baldintzen errepasoa egin zuten, Txikipedia gunea ezagutu zuten ikasleek, edizioa landu eta, azkenik, sortutako artikulua publikatu zuten.

Txikipedia Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ekimena da, nagusientzako Wikipedia euskarazkoaren bertsio bat, eskola-umeentzat egokitua. Ezagutu eta erabili:

Erantzun

Sartu