Agerraldia egin zuen atzo Euskalgintzaren Kontseiluak Iruñean, Parlamentuaren aurrean, euskararen ofizialtasunaren aldeko adierazpen bat plazaratzeko. Bestalde, ofizialtasunaren aldeko ekintza iragarri du biharko (larunbata, hilak 22) Euskal Herriak Euskaraz taldeak Bardeetan.
Kontseiluak bultzatutako adierazpenak dio:
"Ofizialtasun estatusa, eskubideak, errekonozimendua –edo, alderantziz, eskubide murrizketa eta galarazpenak– ez baitira hizkuntzenak, baizik eta haiek gorpuzten dituzten, haietan bizi diren, haietan diren, herritarrenak. Ez gara gauza abstraktuez ari, baizik eta milaka lagunen eguneroko hautu eta bizitzetan eragina duten kuestioez. Esate baterako, Nafarroako edozein herritan bizita ere norberaren seme-alabek euskaraz ikasteko aukera izateaz. Ofizialtasunak ez dio inori eskubiderik kentzen; ez dituenari aitortzen dizkio. Ofizialtasuna ez da ateak ixteko giltza bat, ateak zabaltzekoa baizik."
Horregatik, hauteskunde bezperan gauden honetan, hurrengo Nafarroako Parlamentua osatuko duten alderdiei indar bereziz eskatzen diegu ofizialtasunaren eskaria har dezatela aintzat, jar dezatela beren ildo, egitasmo eta jardunbideen erdigunean. Ekar dezatela berdintasuna Nafarroara. Hain zuzen ere, oinarrizko eta erdiguneko auzi bat delako: gizarte kohesioari, justizia sozialari eta bizikidetzari eragiten diona. (...) Denentzako da, Nafarroako gizarte osoarentzat, ofizialtasuna onuragarri. Ofizialtasuna ez baita ateak ixteko giltza bat, zabaltzekoa baizik.
Adierazpen osoa hemen irakur daiteke, bere 200 sinatzaileen zerrendarekin.
Bestalde, Euskal Herrian Euskarazek motibo honekin berarekin (ofizialtasuna Nafarroa Garaia osoan) ekintza sorta antolatu du “Bada garaia, euskara ofiziala eta kitto!” leloarekin.
Lehenbizikoa bihar larunbata, apirilark 22m Bardeetan egingo duten protesta ekintza. Apirilaren 29an, 19:00etan elkarretaratzea antolatu dute Igantzin, eta maiatzaren 6ean 12:00etan Tafallan. Mobilizazio nagusia Iruñean izango da azkenik da, maiatzaren 13an, 12:00etan Konstituzio Plazatik hasita.
Erantzun
Sartu