Tokiko eta eskualdeko komunikabideen sei elkartek manifestu bateratua sinatu zuten atzo Getxon (Olatua gurutzeontzien terminal modernoan), horietakio batek (Tokikom elkarte euskaldunak alegia) antolatutako bere 10. urteurreneko jardunaldian, zeinak Etorkizuna Ehuntzen izan zuen lelotzat.
Jardunaldiak eman zuena, Tokikom-ek jaso du kronika honetan. Tokiko euskal hedabideen jardunaz gain, kanpoko esperientziak ere aztertu ziren bilkuran, eta elkarte gonbidatuen tartea ere izan zen, Herri Katalanetako zenbait elkartek Tokikom-ekin batera manifestua aurkeztu baitzuten. Bertako puntu nagusiak, erreibidinkazioa zehatzak, Espainiako Gobernu eta administrazio zentralari zuzentzen zaizkio.
Manifestua sinatu duten elkarteak dira,
Eta hauxe da adostu duten testua:
Elkarrekin partekatzen ditugun ezaugarri, arazo eta erronken jabe, tokiko eta eskualdeko komunikabideen elkarte hauek Bartzelonan batu gara 2022ko azaroaren 18 eta 19an, eta Getxon 2023ko martxoaren 23 eta 24an, jarrerak hurbildu eta lankidetza bideak irekitzeko:
Associació Catalana de la Premsa Comarcal
Associació de la Premsa Comarcal Valenciana
Associació de Mitjans Digitals de la Comunitat Valenciana
Associació de Premsa Forana de Mallorca
Associació de la Premsa Local de Menorca
TOKIKOM, Toki Komunikabideen Bateragunea
Sei entitateon artean, guztira 347 tokiko eta eskualdeko komunikabide batzen ditugu, sei milioi eta erdiko audientziarekin. Sektore ekonomiko ahaltsua osatzen dugu, ordainpeko 1.296 langile eta 2.213 kolaboratzailerekin, eta urtean ia 49 milioi euroko bolumen ekonomikoarekin.
Adierazten dugu
Tokiko eta eskualdeko komunikabideok herritarrok egiazko informaziorako, kulturarako, parte hartze sozialerako eta ohitura demokratikoetarako sarbidea sustatzen dugu, eta beraz, funtsezkoak gara dinamizazio eta demokrazia sozialerako.
Gezurrak eta erdi-egiak modu masibo eta interesatuan hedatzen eta erabiltzen diren testuinguru batean, tokiko eta eskualdeko komunikabideok gertuko kazetaritzan oinarritzen gara, bitartekaririk gabe eta errealitateari lotuta.
Kalearekiko zein herritarrekiko dugun gertutasunak funtsezko elementu bilakatzen gaitu tokiko eta eskualdeko komunikabideak gure aberastasun eta aniztasun sozial, kultural eta linguistikoa zabaldu eta zaintzeko.
Horrek guztiak onarpen eta aitortza maila handia ematen digu publikoarengandik, bestelako hedabideentzat pentsaezinak diren irismen eta onarpen tasekin. Sinatzen dugun elkarteetako komunikabideak 6.542.587 lagunengana iristen dira, euren errotze sozial handiaren erakusgarri.
Batera hartuta, tokiko eta eskualdeko komunikabideok sektore ekonomiko garrantzitsua osatzen dugu, urteko 48.961.000 euroko bolumena duena, eta 1.296 familiari lana eta bizibidea zuzenean ematen diena. Gainera, zeharka, gure hornitzaileen jarduera ekonomikoa ere sustatzen dugu, eta tokiko ekonomiak dinamizatzen nabarmen laguntzen duten produktuak eta zerbitzuak eskaintzen ditugu.
Tokiko ekonomien eragile gisa, tokiko eta eskualdeko hedabideak gogor pairatzen ari dira azken ekonomia eta osasun krisien zuzeneko eta zeharkako ondorioak, batez ere enpresa txikiak eta tokiko saltokiak desagertzeak publizitatean eragindako diru-sarreren beherakada.
Zailtasunak zailtasun, tokiko eta eskualdeko komunikabideok gure jarduera mantendu ez ezik, etengabe eraberritu ere egiten dugu, etengabeko aldaketa sozial eta teknologikoetara egokituz, beti ere zerbitzu publikoko bokazio argiaz eta gure herriko komunitatearekiko konpromiso sendoaz, ordainetan gure xede-publikoaren hazkunde jarraia jasotzen dugula.
Aldarrikatzen dugu
Estatuko administrazio publikoek kontuan hartu behar gaituzte tokiko eta eskualdeko komunikabideok, batez ere gaur-gaurkoz gure medioetan sekula ere egiten ez duten publizitate instituzionala txertatzeari dagokionez.
Estatu mailako publizitate instituzional hori komunikazio-eraginkortasun eta proportzionaltasun irizpideen arabera banatu behar da, beti ere tokiko errealitatearekin zuzenean lotuta, eta kontuan hartuta tokiko eta eskualdeko komunikabideek beren hedapen eremuetan duten irismen eta kapilaritate maila handia.
Beraz, estatuko administrazio publikoen konpromisoa eskatzen dugu gertuko informazioan espezializatutako tokiko eta eskualdeko komunikabideak beren publizitate inbertsioan sartzeko.
Era berean, eta azken ekonomia eta osasun krisiek gure sektorean izandako eragin zuzena zein zeharkakoa kontuan hartuta, eskatzen dugu krisien ondorioak arintzeko diru-laguntzak diseinatzerakoan kontuan har daitezela, era nabarmenean, tokiko eta eskualdeko komunikabideak, gur e jarduerak eragin biderkatzailea baitu gure eragin eremuetako dinamizazio sozial, kultural eta ekonomikoan.
Azkenik, baina batere garrantzirik kendu gabe, garbi adierazi nahi dugu gure erabateko prestutasuna zein lankidetzarako borondatea eskaera horien inplementazio teknikoa ahal den neurrian erraztu eta lan horietan laguntzeko.
Getxon, 2023ko martxoaren 24an
Erantzun
Sartu