Teknologia albisteak

Iparra Hegoa kultur astea, 26. edizioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-03-24 : 10:40

Ipar eta Hego Euskal Herrriak batzeko ekimen baten berri eman dugu astean (Mugak Zubi ekimena, Antzuola eta Aiherra artekoa) eta hona hemen beste bat, Segura (Gipuzkoa) eta Urruña (Lapurdi) biltzen dituena: Iparra Hegoa kultur astea, hiru hamarkadatan egiten dutena, aurten ere izango da, Martxoaren 27tik apirilaren 2ra bitartean. “Muga, Langa, Bota, Sega” izango da 26. Iparra Hegoa kultur astearen leloa. 

“Muga, Langa, Bota, Sega” -- Hona leloaren azalpena antolatzaileen esanetan:

MUGA naturalik ez dagoelako euskararen herrian, LANGA eta gezurrezko hesi guztiak ireki nahi ditugulako Euskal Herria eraikitzeko, BOTA ditzagun bidean oztopoan jarri dizkiguten harriak eta SEGA har dezagun batzuek iparraldetik eta beste batzuek hegoaldetik, Euskal Herria maitasunez eta nortasunez eraikitzeko. 

Aurtengorako ere egitarau oparoa antolatu da, astelehenetik asteazkenera hitzaldi eta tailerrak egingo dira.

Ostegunetik aurrera Baionako Etxepare Lizeoko ikasleak ere Goierrin izango dira. Eskualdeko toki ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute. Ostegunean baita ere, bertso-afaria. Urtero 500 lagun elkartzen dituen Iparra Hegoako afari honek, eta aurten kantuan Amets eta Maddalen Arzallusekin batera Iker Zubeldia arituko da.

Asteburuan, festagiroa, ostiral arratsaldean hasita Segurako kaleetan. Igandean Euskal Herriko txoko ezberdinak ordezkatuko dituzten elkartekideek sukalki lehiaketa egingo dute eta ondoren, Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen Gereziondoko Ekitaldia egingo da. Aurtengo gonbidatuak Udabiltzako Hautetsiak, herritarrak, Bidasoa etorkinen taldeko kideak eta Irungo Harrera Elkarteko ordezkariak izango dira. 

Egitaraua, zehatz, hemen.

Erantzun

Sartu