Teknologia albisteak

Mugak Zubi, Aiherra eta Antzuola batzen dituen ibilbidea eta webgunea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-03-22 : 08:36

Mugak Zubi proiektua duela urte batzuk hasi zen Antzuola (Gipuzkoa) eta Aiherra (Nafarroa Beherea) herriak senidetzeko ekimen gisa. Orain, bi herrien arteko lotura "fisikoago" bat aurkeztu dute, bi herrien arteko ibilbide bat, hainbat etapatan dokumentatua argibidez eta GPX trakekin; eta hori webgune batean gauzatu da gainera: Mugakzubi.eus

Webgunea atzo aurkeztu zuten Pausuko mugatik gertu bi herrietako alkateek, Arño Gastanbide Aiherrako auzapezak eta Beñardo Kortabarria Antzuolakoak.

Ibilbidea bi norabideetan dago dokumentatua. Iparraldetik edo, agian zehatzago, ekialdetik ekinez gero, honako herriak zeharkatzen ditu: Baxe Nafarroan Aiherra; Lapurdin Lekuine eta Itsasu; Nafarroa Garaian Urdazubi, Etxalar, Lesaka, Igantzi, Arantza, Leitza eta Arribe; eta Gipuzkoan Amezketa, Ataun, Idiazabal, Segura, Zerain, Mutiloa, Legazpi eta Antzuola. 12 etapatan antolatu da bidea norabode bakoitzean, etapa bakoitza 3 eta 6 ordu artekoa izan daiteke, eta ibilbide osoa 204 kilometrokoa da.

Atzoko aurkezpenean iragarri zutenez, ibilbideak zeharkatzen dituen herri horietako bakoitzarekin kontaktuak jarriko dira ekimenaren bultzatzaileak, etapa bakoitzean herri ondarearen berri hobeto eman ahal izateko. «Euskararen eta euskal kulturaren proiektua» ere badela azaldu zuen Antzuolako alkateak.

Webgunea CodeSyntax-ek apailatu du, Sustatu egiten duen enpresak. Ikuskatzen diren mapak OpenStreetMap kartografia librekoak dira, eta euskarazko toponimia agerraraziz marraztuta daude.

Hona ikuspegi parea, ibilbide-norabide batena, eta etapa jakin baten datu nagusiak.


Era berean, Mugak Zubi proiektuko bideak Udalbiltzaren Lurgida aplikazioan agertuko dira. Webgunea euskara hutsez ireki da, baina gaztelaniaz eta frantsesez ere osatuko da aurki informazioa. 

Ibilbidearen parte bat elkarrekin egitera daude gonbidatuta antzuolar eta aiherrarrak (eta gainerako guztiak) datorren larunbatean, hilak 25. Lekornetik Antzuolarako bidea egingo da. Hauxe da deialdiaren kartela Antzuolarako prestatua, bertatik autobusez gerturatu nahi baduzu (adi, gaur da izena emateko azken eguna):

Ikusi eta erabili: https://mugakzubi.eus/ 

Erantzun

Sartu