Adimen artifiziala bilaketan integratzeko ahaleginak iragarri dituzte Googlek eta Microsoft-ek. Produktu berrien aurkezpena egin dute ordu gutxiren aldearekin enpresa bietako zuzendari nagusiek. Joan gara begiratzera eta... promesak dira oraingoz. Ikusiko dugu noiz jartzen den martxan Bing berritua (Microsoften bilatzailearen bertsio berria) eta noiz Bard, Googlek izen berriarekin baitaiatu duen tresna.
Googleko buru Sundar Pichaik idatzi du duela ordu batzuk honi buruzko artikulu bat. "Introducing Bard", dio bertan. Baina ez dago loturarik, eta adibide bisual parea bakarrik, web zein mugikor bilaketa-edo izango dela. Garai batean Googlek gauzak egin eta aurkezten zituen: Google Maps edo Gmail, aurre-promesarik gabe jarri ziren martxan egun batean. Bard... ikusiko dugu.
Aldi berean, edo ordu batzuk beranduago, Microsoft-eko Satya Nadellak Bing bilatzailearen bertsio berria iragarri du, zeinean ChatGPT ezaguna nolabait integratuta egongo den.
Kasu honetan ere, iragarpena egin da, baina ez dago martxan. Nahasketa areagotuz, Bing.com bisita dezakezu gaur, eta bilaketa adimentsu berriaren adibidez josia dago, baina ez dago argi benetakoak diren ala fikziozkoak.
Parte batzuk euskaratuta ageri dira, baina klik eginez gero, ingelesezko galdera eta emaitzak dira lortzen dena.
Adibide testual osoago bat ere agertzen da, osoki euskaratua, baina ez dakigu benetan errezetak eskatuz gero, hain txukun agertuko ote diren emaitzak, ala beste barik interfazearen itzulpena ote den hau guztia.
Bing-ek dio, gainera, gauza hauek probatzeko itxaron-zerrenda bat ireki dela. Sustatuko editoretza saiatu da izena ematen baina errorea ematen digu euskarazko interfazetik abiatuz. Ea beste norbaitek zortea duen.
Erantzun
Sartu