Teknologia albisteak

Umbra "argi jaialdi" Gasteizen ostegunetik larunbatera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-02-08 : 16:40

Umbra Light Jaialdia "argi jaialdi" bat da, Gasteizen urtero argirik gutxieneko egunetan antolatzen dena, eta aurten otsailaren 9tik 11ra egingo dena, ‘Enpatia’ goiburuarekin.

Jaialdiak formatu handiko argi eskulturak eta mundu osoko artistek diseinatutako proiekzioak eskaintzen ditu, hirian zehar ibilbide artistiko bat eginez. Argia da obretako protagonista nagusia, baina badira mugimenduz, musikaz eta abarrez hornitutako konposizioak ere.

Jaialdiko instalazioa nagusiak hiru egunetan, ostegunetik larunbatera, egongo dira bisitagai 19:00etatik 22:00etara bitartean. Era berean, argi kalejira bat Gasteizko kaleetan zehar ibiliko da 19:00etatik 23:00ak arte egun horietan. Horrez gain, ordutegi bereziak egongo dira kasu hauetarako:

  • Andre Maria Zuriaren plazan dagoen 00 instalazioa. Musikarien eta perkusioaren performancea. Ordutegi hauetan orduro egingo dute hogei minutuko ikuskizuna: 19:30etik 19:50era / 20:30etik 20:50era / 21:30etik 21:50era / 22:30etik 22:50era
  • Vital Fundazioaren erakusketa-zentroa. Irekita egongo da goizez otsailaren 10ean, ostiralean, eta hilaren 11n, larunbatean, 10:30etik 13:30era, eta arratsaldez 17:00etatik 22:00etara, eta igandean, otsailaren 12an, 10:00etatik 14:00etara. Gainera, aurtengo edizioko berritasun gisa, gune horretako hiru instalazioez gozatzeko aukera egongo da otsailaren 26ra arte ohiko ordutegian.
  • Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian dagoen instalazioa bisitatzeko ordutegia 17:00etatik 22:00ak arte luzatuko da otsailaren 10ean, ostiralean, eta hilaren 11n, larunbatean.
  • Santa Maria katedraleko kripta. Katedralaren instalazioa bisitatzeko ordutegia 17:00etatik 22:00ak arte luzatuko da otsailaren 10ean, ostiralean, eta hilaren 11n, larunbatean.
  • Europa Kongresu Jauregiko instalazioa jendearentzat zabalik egongo da ostegunean, ostiralean eta larunbatean, 19:00etatik 23:00ak bitarte.

Programa zehatza PDF honetan, non artista eta obra bakoitzaren izena ikusiko duzue.

Adibide gisa, Atelier Sisu kolektiboaren Evanescent ikuskizuna Liverpool hirian ikusi zenekoa:

Erantzun

Sartu