Miel Anjel Elustondo eta Enpresabidea, 2022ko Rikardo Arregi saridunak
Enpresabidea.eus gai ekonomikoen gaineko webguneak irabazi du Komunikazio alorreko 2022ko Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Eta Kazetaritza titulua duena, aldiz, Miel Anjel Elustondok, Berria egunkarian argitaratutako "Tonban ehortzirik" erreportaje sortagatik, hildako euskaldun ezagunekin asmaturiko elkarrizketa sorta bat. Iaz ere sari bererako hautagai izan zen Elustondo RAKS sarietan, Berrian argitaratutako Zozoen elean elkarrizketa sortagatik orduan.
Elustondoren lanean, zera apreziatu zuen epaimahaiak hautatu zutenean finalista izateko: "Dokumentazio lana, pertsonaiarekiko hurbilketa eta egiantzekotasun formala nabarmentzen dira fikzioaren eta kazetaritzaren arteko mugak hausten dituen sail honetan".
Aipamenarekin geratu da Kazetaritza saileko beste hautagaiak, honako finalistak hain zuzen:
- Amaia Lekunberri Ansola kazetariaren Anorexia, bestelako gerturapen bat. Zer dio jateari uzten dionak, jateari uzten dionean? izenburuko Larrun monografikoa, Argia aldizkariaren gehigarrikoa.
- ETBren Aske bizi dokumentala, LGTBIQ kolektiboaren zailtasunei buruzkoa, Xabier Madariaga kazetariak gidatu zuena.
- ETBren Biba zuek magazina.
Komunikazio alorrean, Enpresabidea.eus izan da saria eraman duena. agerkari ekonomiko digital berria da, aurten bertan apirilean jaio zena, "bertako informazio ekonomiko eta enpresarialean espezialializatuta, euskaraz egina eta lurraldean errotua" emateko asmoarekin. Viaempresa.cat proiektu katalanaren euskarazko ispilua da Enpresabidea, eta Bilbon eta Donostian bi erredakzio ditu. Agerkariaren koordinatzailea Nico Cuenca Beristain komunikatzailea da, eta Maite Reizabal Arregi erredakzio burua. Reizabalek jaso du saria Andoaingo ekitaldian.
Komunikazio alorrean aipamenarekin geratu dira beste finalistak:
- Aiaraldea komunikazio proiektua, ez bakarrik tokiko informazio webgunea duena, baizik Aiaraldea Ekintzen Faktoria antolatu duena aurten.
- Aiora Mujika Probatxoa-ren YouTubeko jarduera, plataforma honetako aitzindari euskalduna.
- Aiko Dantza Taldeak sorturiko aikotaldea.eus komunikazio proiektua.
Era berean, gaur Andoainen izan den ekitaldia Ohorezko Mugarri sariak eman dizkiete Elixabete Garmendia kazetariari eta Patxi Baztarrikari, euskararen normalizazioko langile hainbat urtean eta RAKS sari hauen sustatziale baita ere. Baztarrikak bere saria jaso duen unekoa da argazkia, hain zuzen.
Erantzunak kargatzen...