Ion Lizarazu programatzaile eta twitch-lariak sortu du Twitch Euskaraz webgune aplikazioa, euskaraz Twitchen dagoen edukiaren berri ematen duena, eta bereziki une jakin batean gure hizkuntzaN zuzenekorik baden abisatzen dizuna. Kanpaina egon zen (3000 Twitz) euskarazko streaming ekintzak aurkitu ahal izateko Twitch-ek gure hizkuntza kodea onar zezan, baina Twitchek edo Amazon jabeak ez dute kasurik egin. Horren ordez, garatzaile batek asmatu du modu bat eta hortxe dago.
Webgunean sartzen bazara, inor euskaraz ari bada, hortxe abisatuko dizu. Ez dagoenean ezer... irudi honekin:
Baina ezer ez dagoenean ere, euskarazko zein streamer dauden eta ze bideo sortzen duten, hori esploratzeko aukera dago. Sarbide irudi horren azpian Euskal komunitatean sortu diren eta sortzen diren klip guztiak zerrendatzen ditu webguneak, iragazteko eta ordenatzeko aukerarekin: streamerraren arabera (ordena alfabetikoak gora eta behera), dataren arabera, eta ikusienak lehenetsiz ere bai.
Horren azpian berriz, ikusleak ikustarazi asmoz edo, eta pike sanoa sortzeko, klip gehien nork sortu duen zerrendatzen dira, ranking antzeko batekin. Oraingoz APIak itzultzen dituen guztiak zenbatzen ditu webguneak, baina posible da azken 30 egunetakoetara mugatzea.
Portadaz aparte, "Gutarrak" atala zerrendatzen ditu webgune honek jarraitzen dituen streamer euskaldunak eta kanalak. Hor nor agertzen den? Webguneak Github biltegian du kodea eta han berrikuntza/gehikuntza proposatu daiteke (programatzaileen esku), edo bestela Ion Lizarazu garatzailearekin kontaktatu dezakezu eduki sortzaile bat bazara, edo beste kanal batzuen berri badaukazu.
Streamer zerrenda horretan, sortzaile-kanalak afiliatu eta arrunten artean daude banatuta, afiliazioaz baliatzen diren kanal jarraituagoek aukera bereziak eskaintzen dituztelarik sortzaileentzat edo ikusleentzat. Gutarrak ataletik, halaber, klikatu daiteke profil jakin batean, hala nola Sustatuk duenean edo geurea baino jende saiatuagoenetan, hala nola Iruñe Astiz Arkkuso edo Eneko Oroz Ekintaekin.
Guri dagokionez, ostegunetan egiten dugun Segura Urratiko irratsaioa denean (zeina Twitch bidez eman ohi dugun zuzenean), ostegunean 10:40etan, ikusiko dugu ea gure zuzenekoaren berri ematen duen tresnak. Funtzionatuko du, seguru.
Probatu https://ionlizarazu.github.io/twitzlariak/ | Eta gordetzeko errazago, agian, laburduraz: https://labur.eus/twitch-euskaraz
Kanal gehiago proposatzeko, kontaktatu Ion Lizarazurekin: Twiterren @ionliz | Twichen: @ionliz | Github-en: @ionlizarazu
Artikulu hau sortu genuenean, 'Twitzlariak' deitu genion @ionliz lagunak sortutako tresnari... baina bere izen zehatza da Twitch Euskaraz. Eta hala zuzendu dugu.