Teknologia albisteak

IPTV pirateria modernoa, "bezeroarenganako arretan" oinarritutako zerbitzua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-11-23 : 10:16

Munduko Futbol Txapelketa egiten ari diren honetan, Qatartik ematen dituzten partida gehienak ikusteko modua ordainpekoa da, beIN Sports bidez Ipar Euskal Herrian eta Movistar bidez Hego Euskal Herrian (kenduta TVEk eta TF1ek irekian emango dituzten beste partida batzuk). Murrizketa honekin, zaletu askok IPTV pirateriara jo dute. Azken urteetan zerbitzu sofistikatu bat bilakatu da mundu hau, doan izan barik harpidetzekin dabilena, eta telefono bidezko arreta zerbitzuan oinarritua.

IPTV siglak esan nahi du Internet Protokoloaren bidezko Telebista. Telebista banatzeko sistema hori da, oro har, gaur egunean, Interneteko kable eta uhinetatik doaz kanal eta plataformak, ez uhin hertzianoetako antenetatik. Zerbitzu legalak dira oro har; esate baterako, mundu zabaleko etorkin diasporetan sorlekuko telebista kanaletara iristeko modu bat izan daitezke. Baina aldi berean, IPTV eremuan funtzionatzen dute hainbat sistema piratak; eta zerbitzu nahiko sofistikatua da duela azken garaiotan garatu dena. 

Honela dabil sistema:

1) Mugikorretan edo telebista adimentsuetan (smart tv) instalatzen ahal diren aplikazio legalak daude, ematen dizutenk doako IPTV kanaletarako sarbidea. Adibidez, Finlandiako eta Suediako telebista kanal publikoak irekiak eta doakoak dira; ba halako aplikazio baten bidez zuzenean ikusi ditzakezu zure etxean, beste hainbat kanalekin batera. 

2) Aplikazio horiek, aukera extra bat daukate, kanal irekiez gain, beste "pakete" ezkutu bat instalatu ahal izateko. Pakete horretan etorriko dira futboleko mundiala, Formula 1 lasterketak, pelikula sortak eta abarrak...

3) Nola aktibatu pakete ezkutu hori? Arreta zerbitzuarekin kontaktatu behar duzu. Honetara dedikatzen diren hainbat lagun daude hor merkatuan. Whatsapp edo Telegram bidez kontaktatuz gero, harpidetza salduko dizute kontaktu horiek. Hego Euskal Herriko kasuan, Bizum bidez pagatzen diezu "harpidetza", irten daitekeena urteklo 50 bat eurotan (ordainpeko telebista paketeen prezioak baino dexente merkeagoa), eta aktibatuko dute zure gailuan pakete ezkutua.

4) Paketearen aktibazioa norberaren gailuan, teknikoki nola da?

  • Telebista adimentsuaren kasuan, "kodea lortu" izeneko aukera bat izaten dute aplikazioek. Arreta zerbitzuari pasatu kode hori, eta piztu-amatatu eragiketa baten ondoren, zure telebista aplikazioa pakete piratarekin aberastua agertuko da.
  • Telefono mugikorren kasuan, arreta zerbitzuak gakoren bat eskatuko dizu, dela zure erabiltzaile izena, app.ak sortzen duen kode bat edo beharbada telefono zenbakia (batzuetan bi zifra ezkutatzeko eskerarekin)... Gakoa pasatu eta minutu batzuen buruan, aplikazioan aukera extrak izango dituzu.

Azkenengo urrats honek erakusten du tokian tokiko "arreta zerbitzuko langileek" sarbidea dutela aplikazioetako zerbitzari zentraletara, edo bitartekari sistema bat ezarrita dagoela horretarako. 

Eta, gutxi gora-behera, honela funtzionatzen du honek. IPTV pirateriari buruzko ingelesezko info pixkat gehiago, hemen.

Erantzun

Sartu