Teknologia albisteak

Irulegiko eskua, euskararen aurrekari idatzi zaharrena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-11-14 : 15:43

Irulegiko eskua burdinaroko Irulegiko aztarnategian aurkitu zuten iaz, baina ikerketa luze baten ondorioz aurkeztu dute gaur Nafarroako Gobernuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, zenbait zientzialariren laguntzarekin. Kriso aurreko 1. mendekoa da, eta "signario baskoniko espezifiko" batean idatzia dagoela ondorioztatu dute, hizkuntza baskonikoa izan daitekeen zerbait transkribatuz, eta transkripzio horretako hitzetan, lehena argiki euskalduna delarik: sorioneku. Zorionekoak denok, aurkikuntzarekin.

Eskua 2021eko ekainaren 18an aurkitu zuten, Leire Malkorra induskatzaileak ikusia lehenbizi, eta beste piezekin batera entregatu, uztailaren 13an. Indusketa bideoan grabatu zuten, eta piezaren kokapen topografikoa zehaztu, gainontzeko material guztiarekin egin bezalaxe. Hala ere, 2022ko urtarrilaren 18ra arte ez zuten jakin piezak idazkunik zuenik, non Nafarroako Gobernuko errestarautzaile Carmen Usuak idazkunak antzeman zituen. Malkorra eta Usuaren hitzak, hunkidurak joak, ageri dira Berriak kaleratu duen bideo honetan:

Urtarriletik idazkuna igarri zenetik, hainbat ikertzailek aztertu dute testua, eta lehen ondorio bateratuekin gaur aurkeztu, Arangurengo udaleko areto batean (ekitaldia, galderen txanda iritsi arte, osorik gazteleraz izan dela irakurri dugu). "Hizkuntza baskonikoan" idatzita dagoela esan dute, lehen hitza bakarrik ulergarri, oraingoz. Idazkera iberikotik gertu dago, baina desberdintasunak hala nola T forma duen zeinu bat, fonetikoki ez dakitena zeren aldaera den, baina ageri dena Nafarroako bi txanpon baskoi zaharretan. Iberoek alfabeto erdi-silabiko bat erabili zuten, eta haren aldaera honi "signario baskoniko" deitu dio Javier Velaza antzinako Iberiako hizkuntzen adituak.

Joaquin Gorrotxategi euskalariak idazkera iberikotik gertu ikusten du Irulegiko eskua. Berriak elkarrizketatu du eta han esan du: "Problema bat daukagu aspalditik: jakitea zer-nolakoa zen baskonikoaren eta iberieraren arteko harremana. Bazen? Ez zen? Baldin bazen, zer neurritakoa? Garbi dago nahiko urrutikoa izan zitekeela, baina, hau ikusita, agian ez zen hain urrutikoa."

Erantzun

Sartu