Teknologia albisteak

Juan San Martinen mendeurrenean, haren lanaren digitalizazioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-11-11 : 09:42

Juan San Martin (Eibar 1922 - 2005) idazle, euskaltzain, etnografo, politikari eta mendizalearen jaiotazaren mendeurrena da aurten (1922-2022), eta motibo horrekin bere lan osoak digitalizatu ditu Jakinek, euskal pentsamenduaren digitalizazioari eskainitako webgunean. Era berean, erakusketa ireki da San Martinen jaioterrian, Eibarren, bertako udal liburutegian (haren izena darama) hainbat irudi eta argitalpenekin (abenduaren 18a arte irekita). Erakusketako argazki horietako asko, San Martinen fondoak, lehendik ere digitalizatuta zeudela gogora daiteke, eta familiaren ekimenez, sarean eduki libre bezala gordeta: Juan San Martin argazki bilduma.

Prestaturiko webgunean, 1.314 lan daude eskuragarri: horien artean, 25 liburu, 79 liburu atal eta ia berrogei agerkaritan argitaratutako 1.179 artikulu, poemez eta itzulpenez gain. Osatzen doan proiektua da gainera, gauza gehiago digitalizatuko dira, 1.935 idazlen eta dokumentu bildu arte, horietarik 1.833 San Martinek berak idatziak. Berariaz sortutako bilatzaile eta aurkibide propioa dute webgune horrek.

Asteon aurkeztu zen digitalizazio lan hau Eibarren, Jakineko arduradunak, agintariak eta San Martinen senideak bertan zirela. Prestaturiko aretoan, San Martinek idatzitako esaldi bat irakur zitekeen hormatik: «damu bakarra dut bizitza honetatik alde egiteko: nahi nituzkeen liburuak irakurri gabe eta idatzi nahi nukeena idatzi gabe joan beharra...». Jakinen webgunean irakur daiteke aurkezpen horren kronika. 

Ikus beraz:

Erantzun

Sartu