Digilab izeneko teknologia digitalen lantegia inauguratu dute gaur Arrasaten. Ikerlan zentro teknologikoak kudeatuko du 2.000 m2-ko eremua, eta Eusko Jaurlaritzaren Azpitek programaren laguntza tartean dela, 1.5 milioi euroko inbertsioa suposatu du irekierarako.
Ikerlanek zabaldutako oharraren arabera, abangoardiako hainbat teknologia ikertzeko azken belaunaldiko azpiegitura aurki daitezke Digilab berrian, hala nola robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa. Era honetako laborategi aurreratuena izango omen da Espainiako Estatuan, Ikerlanen arabera.
Digilab izango da, bereziki, Europako Batasuneko UNE 17025 arauarekin bat akreditatutako Espainiako zibersegurtasun industrialeko lehen laborategia. Bertan, produktu elektronikoaren adostasuna ebaluatzeko saiakuntzak egin ahalko dira.
Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiaren hitzetan, "Digilabi esker, ezagutza berriak erakarri eta sortu ahal izango ditugu ingurune ia industrial batean, enpresei teknologia transferitzen dugun posizionamendu ona indartuz eta industriaren erronka errealei konponbide errealak eskainiz. Teknologia digitalen ekosistema berri horrek, gainera, prestakuntzarako eta ekintzailetzarako egokia den lankidetza-ingurunea sustatuko du”.
Informazio gehiago, Mondragon taldeko Tulankide agerkarian (irudia bertatik hartua halaber).
Erantzun
Sartu