Teknologia albisteak

Peertube.eus jaio da, sortzaile libreentzat bideo plataforma berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-10-06 : 11:52

Abaraska taldeak jakinarazi du aste honetan peertube.eus jaio dela, euskarazko bideoak partekatzeko webgune irekia. Orain arteko plataforma itxiek dituzten antzerako zerbitzuak eskaintzen ditu, baina oso modu ezberdinean: federatua, gertukoa, errespetuzkoa eta librea baita.

Duela lau bat urtetatik hona, hainbat mugimendu egon dira edukiak enpresa pribatu handien eskuetan utzi ordez, ingurune libre eta osasungarriago batzuetara mugitzeko pausoak emateko. Horren adibide garbia izan zen mastodon.eus 2018an, Twitterren analogoa martxan jarri zutenean. Aplikazio hau, software librea izateaz gain, federatua ere bada (hau da, zerbitzua ez dago entitate baten eskuetan soilik, komunitate txikiez osatuta dago) eta iraultza txiki bat ekarri zuen euskal komunitatera. Komunitate horien federazioari fedibertso (federatutako unibertsoa) izena jarri zitzaion sarean.

Eta mastodonen ondotik etorri dira beste hainbat zerbitzu ere euskal fedibertsora: pixelfed.eus, lemmy.eus, baleafunk.eus... eta orain peertube.eus ere bai. Hauetako proiektu askoren atzean, Abaraska taldea dago eta honela deskribatzen dute beren burua: "Pertsona librezale batzuek osatzen dugu. Gure helburua: fedibertsoa, software librea, euskara eta euskal kultura sustatzea da".

 Zer da peertube eta zergatik da ezberdina?

Alde batetik, Youtube edota beste hainbat bideo plataformek eskeintzen dituzten zerbitzuak eskeintzen ditu:

- Bideoak kalitate onean sarera igotzeko aukera

- Kanal propioak eta ikusle komunitate bat osatzeko aukera: iruzkinak, atsegiteak, harpidetzak...

- Zuzeneko streamingak egiteko aukera

- Azpitituluak txertatzeko modua

Eta beste hainbat aukera sareetan zabaldu eta zure edukia hedatzeko.

BAINA beste plataformek ez bezala, librea eta federatua denez, edukiak gordetzeko zerbitzari propio bat jarri dute Zumaian bertan. Honela, peertube zerbitzari bakoitzak bere arau propioak izan ditzake, Peertube.eus-en kasuan iragarkirik ez onartzea adibidez. Gainera, beste peertube zerbitzariekin lotuta egon daiteke edukia elkarrekin partekatzeko (peertube.euskarabildua.eus). Honela, ez da plataforma isolatu bat eta munduko beste hainbat erabiltzailerengana iristeko aukera dago.

Adibide sinple bat jartzearren, goiko irudian ikus daitekeen moduan, Untxiak, Pandak eta Txakurrak, bakoitzak bere zerbitzari propioa dauka, bere arau eta erabilera baldintzekin, baina bata bestearekin lotzeko (federatzeko) aukera daukate beraien edukiak partekatzeko. Komunitate txikiak batuz, bideo plataforma osatuago bat eraikitzeko aukera dago.

Bestalde eta azken honekin lotuta, zerbitzari bakoitzaren lan karga eta trafikoa arintzeko P2P teknologia erabiltzen du. Bideo bat bi pertsonak batera erreproduzitzen hasten badira, bideoaren erreprodukzio datuak bi ikusle eta zerbitzariaren artean partekatzen dira, trafikoa arindu eta zerbitzariari lanak kenduz.

Idatziz baino irudiz hobe deskribatzen direnez askotan kontuok, gehiago sakondu nahi baduzue honetan, hemen duzue horretarako bereziki prestatutako bideoa euskarazko azpitituluekin:

Euskarazko eduki sortzaileen komunitatea sendotzeko

Guzti honekin, euskal komunitatea orohar eta baita euskarazko bideogintzaren bueltan dagoen komunitatea bultzatu eta trinkotu nahi da. Doakoa izango da diru iturriz larri dabiltzanentzat eta gainerakoen doaintzen bidez mantenduko da. Edukien gaineko kontrol gehiago izatea ere bermatu nahi da, pertsonen gaineko inolako datuen salmenta edo antzeko trataerarik gabe eta gertuko harremana izan ostatatzen duen taldearekin.

Abaraska taldeak dioen moduan: "Plataforma berri honen balioa euskaldunok ematen diogun erabileraren eta igotzen ditugun edukien araberakoa izango da. Izena eman eta probatzera animatu nahi ditugu bazter guztietako euskaldunak"

Erantzun

Sartu