Teknologia albisteak

Hizkuntza politika berpentsatu: jardunaldia urrian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-09-28 : 10:48

21. menderako hizkuntza politikaz egun osoko jardunaldia antolatu dute elkarlanean Telesforo Monzon laborategiko Txillardegi Gogoeta Guneak, Jakinek eta Udako Euskal Unibersitateak (UEU). UEUren egoitza akademikoan, Eibarko Markeskoan izango da, urriaren 19an (asteazkena). Txillardegiren heriotzaren 10. urteurrena da 2022 hau, eta aurretik egindako zenbait ekitaldiren segida ere bada jardunaldi hau-

 

Egun osoko jardunaldian mahainguru eta hitzaldiak egongo dira bost ardatz nagusi hauen inguruan:

  • Euskararen egoeraren argazki azkarra.
  • Hizkuntza politikaren beharraz.
  • Gaur egungo marko legalen mugak eta zirrikituak.
  • Tokiko hizkuntza politikaren gobernantza: udalak, eskualdeak, arnasguneak.
  • Hizkuntza politika Nafarroan, Ipar Euskal Herrian eta EAEn: uneko egoera, aukerak eta lehentasunak.

Antolatzaileek uste dute egoera globalak zein Euskal Herrikoak behartzen gaituztela hizkuntza politikaz sakon hausnartu eta eztabaidatzera.

Batetik, "XXI. mendearen lehen laurdenean murgildurik gaudela, mundu mailan sekula ezagutu ez den abiadako aldaketak ari dira gertatzen: robotizazioa, inteligentzia artifiziala, gauzen interneta, teknologia aurrerapenak, informazio joan-etorriak eta, horren guztiaren ondorioz, gizartearen eta bere balioen eraldaketa sakona. Europan batik bat, ingurunea biziki aldatzen ari da migrazio mugimenduek, mugikortasunak eta gizarte batzuen zahartzeak eraginda. Espero daitekeenez, horrek guztiak sekulako eragina izango du identitatearen erreprodukzio sistemetan oro har eta, zer esanik ez, gurea bezalako komunitate/nazio gutxiagotuetan."

Eta Euskal Herrira etorrita bestetik, "euskararen egungo normalizazio ereduak goia jo duen zantzuak nabari dira hizkuntza zeharkatzen duten arlo gehienetan: hezkuntzan, helduen euskalduntzean edo erakunde publikoen normalizazio prozesuetan, lan munduaren euskalduntzean, kultur transmisioan edota esparru komunikatiboan, besteak beste. Horrek guztiak eragin zuzena dauka euskararen transmisioan eta biziraupenean, kale erabilera datuek adierazten duten bezala".

Informazio gehiago eta matrikulazioa, UEUren webgunean.

Erantzun

Sartu