Administrazioa Euskaraz taldeak "atzerapauso handiak" salatu ditu Zizur Nagusiko Udalean, bertako euskararen ordenantza dela eta. Udalak espediente bat abiarazi du Euskararen Ordenantza aldatzeko, euskara deialdi guztietan baloratu behar ez izateko eta balioesten denean gutxiago baloratu ahal izateko (2022ko irailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).
Honela salatu du gertatua Administrazioa Euskaraz taldeak:
Nafarroako Administrazio Auzitegiak, 2022ko apirilaren 25ean emandako 919. Ebazpenaren bidez, Zizur Nagusiko Udala behartu zuen euskara baloratzera atezainen deialdi batean, %10eko balorazioarekin. Horren aurrean, Zizur Nagusiko Udalak errekurtso judiziala jarri zuen, euskara baloratu behar ez izateko. Zalaparta sortu zen, alderdi politiko euskaltzale batzuek horrela jokatzeagatik (errekurtsoa jartzearen alde bozkatu zuten Geroa Baik, EH Bilduk eta PSNk). Sortutako iskanbilaren ondoren, Zizur Nagusiko Udalak hitzeman zuen errekurtsoa kenduko zuela.
Bada, oraindik ez du errekurtsoa kendu, eta, bitartean, espediente bat abiarazi du Euskararen Ordenantza aldatzeko, euskara deialdi guztietan baloratu behar ez izateko eta balioesten denean gutxiago baloratu ahal izateko (2022ko irailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala):
18. artikuluaren arabera, deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea. Egin nahi den aldaketarekin, euskara balioetsiko da baldin oposizio-lehiaketaren sistema erabiltzen bada. Oposizioaren sistema erabili ahal izanen da, eta euskara ez baloratu. Hala, posible izanen litzateke lanpostu guztiak oposizio bidez betetzea, eta euskara inoiz ez baloratzea.
19. artikuluaren arabera, euskararen puntuazioa puntu guztien %5ekoa izanen da oro har, eta %10 jendaurreko lanpostuetan. Egin nahi den aldaketarekin, esaten den bakarra da gehienez %10 izan daitekeela. Beraz, nahi izanez gero %0,1eko puntuazioa eman dakioke, adibidez.
Geroa Baik, EH Bilduk eta AS Zizur alderdiek bozkatu dute aldaketa honen alde. Beste alderdi batzuek are gehiago murriztu nahi dute Euskararen Ordenantza.
Uste dugu errekurtso judiziala kendu behar dela behingoan, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Ebazpena bete, eta Euskararen Ordenantza bere horretan utzi.
Erantzun
Sartu