Teknologia albisteak

EAB emakume taldearen testuen bilduma sarean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-07-15 : 11:34

Duela aste batzuetako albistea da, baina horra: Jakinek euskal pentsamenduaren digitalizazio proiektuarekin jarraitzen duela, eta azken gehikuntza egin diola horri: Emakume Abertzale Batza (EAB) elkarteko bultzatzaile nagusien testu bilduma egin duela. Hemen dago.

 

Emakume Abertzale Batza 1922an sortu zen EAJko emakumeen talde gisa, baina legez kanpo geratu zen gutxira, eta 1931n berpiztu zen. JEL dotrina jeltzalea berea zuen, baina euskara lantzeko ildoan berebiziko lana egin zuen mugimendua izan zen. 1936ko gerrak zapuztu zuen EAB.

Jakinek EABko izan ziren bederatzi idazleren lan argitaratu guztiak katalogatu eta digitalizatu ditu. Ia 1.300 idazki dira, autore hauenak: Julene Azpeitia, Errose Bustintza, Karmele Errazti, Miren Etxabe, Julia Fernandez Zabaleta, Tene Muxika, Polixene Trabudua, Sorne Untzueta eta Elbire Zipitria.

Jorratu zituzten gaitegien artean, zazpi lerro sailkatu dira, sortu zaien thesaurus eta bilatzaile propioan horrela ageri direnak:

1. Literatura (sorkuntza lanak eta azterketak)
2. Politika
3. Emakumea, politika eta gizartea
4. Hezkuntza
5. Euskara eta Euskal Herria
6. Gizartea, etika eta erlijioa
7. Tokiko informazioa, herri kronikak

Jakineko arduradunek lan honen aurkezpenean azpimarratu zutenez, pentsamenduaren transmisioan duten garrantzia aitortzeko bidean, emakumeen obrak digitalizatzen jarraitzeko asmoa agertu dute, martxan baita dagoeneko Bizenta Mogelen obratik hasi (1782an jaioa) eta 1936ko gerrara bitarteko testuen digitalizazio egitasmoa. Izan ere, euskal pentsamenduaren digitalizazio lan hauetan EABren aurreko lanak gizonezkoen testu-bildumak izan dira: Martin Ugalde, Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Txillardegi, Joseba Intxausti eta Paulo Agirrebaltzategi.

Ikus, https://www.jakin.eus/digitalizazioa/emakume-abertzale-batza  

Erantzun

Sartu