Eibarko Udalak eta Euskaltzaindiak Juan San Martin euskalariaren figura omenduko dute aste honetan Eibarren, San Martinen jaiotzaren 100. urteurrenean (1922-2022). Ekainaren 23an, San Juan egunaren bezperan jaio zen Juan San Martin, baina 22an egingo da omenaldia, Euskaltzaindiak Eibarko udaletxean egingo duen ageriko bilkuran.
Bi hizlariren ekarpenak izango dira 22ko goizeko ekitaldiko osagarri nagusiak: Luis Alberto Aranbarri Amatiño kazetaria eta ohorezko euskaltzaina eta Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoa izango dira hizlari. Amatiñok "Sorlekutik sorlekura" izeneko hitzaldia prestatu du. Kaltzakortak Juan San Martinen gaztetako lanak izango ditu hizpide: Zirikadak eta Eztenkadak. Ekitaldiari amaiera emateko, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak Elizanbururen poemak abestuko ditu. Eta azkenik, euskaltzain eibartarraren izena daroan udal liburutegian mendeurrenaren plaka bat ezarriko da.
Juan San Martin idazle, etnografo, euskalari eta hainbat alorretako aditu ernazentista moduko bat izan zen. Bere ekimenez sortu ziren Euskal Idazleen Elkartea eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea; Egan aldizkaria eta beste hainbat asmo. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1958an, eta 1964an euskaltzain oso. Euskaltzaindiko idazkaria izan zen 1967-1978 aldian, eta 1988. urtean euskaltzainburuorde. 1989an, EAEko administrazioko lehen Arartekoa izendatu zuten.
Juan San Martin gogoratzeko urtero Eibarren egiten den beste ekimen bat Juan San Martin beka da. 2001. urtetik egin izan dira deialdiak, azkena 2021ekoa.
Erantzun
Sartu