Teknologia albisteak

Juan Carlos erregearen hegaldia zuzenean: badoa Galiziara

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-05-19 : 14:50

Interneteko hegaldi jarraipeneko zaletuek deskubritu dute: hegaldi bat abiatu da duela ordu gutxi Abu Dabhi hiritik eta Vigora doa, Galiziara. Flight Radar Interneteko aplikazioak identifikaturiko hegaldi guztiak markatzen ditu mapetan, eta hortxe da BFY747R hegaldia, une honetan 2.500 lagunek jarraitua, Mediterraneoaren gainean Zipre gainditu berri, Galiziara begira. Bi urte deserrian pasatu dituen Juan Carlos I.aren hegaldia izan daitekeela uste dute askok, espero baita Sanxenxo herriko belauntzien lehiaketa batean parte hartuko duela bere laguntxoekin (eta Vigoko aireportua dago hortik gertuen).

Hegaldia jarraitzeko, hauxe lotura:

Juan Carlos I.aren bidaia hau polemikaz betea ageri da, nola ez. Joan den asteburuan, Felipe VI.a emirerrietan egon zen estatu mailako hileta baterako, eta han adostu omen zuten bazetorrela: telefonoz hitz eginda, ez aurrez aurre (diotenez). 

Hala ere, nola eta zertarako etortzekoa zen, ez dago argi hori adostu ote zuten, ze diplomaziaren abilezia gorena dirudi bidaiaren motiboa: luxuzko belauntzien laguntxoekin elkartzera doa, eta gero, akaso, bere ondorengo eta oinordeko erregea ikustera, Madril hiriburura. Madrilen non geratuko den ere ez dago argi, nonbait ez diote toki egin nahi Zarzuela jauregi ofizialean. 

Bestalde, atzo, ustekabean, Sofia erregina emerituak (Juan Carlosen emazteak) Miamirako bidaia bat iragarri zuen. Joan den asteburuan zabaldutako Errege-etxearen agendan ez zen agertzen bidaian, baina hara, ustekabeak zer diren. Hola aldizkariak adierazi du kariño handia diotela elkarri (sic) Sofiak eta Juan Carlosek, eta ez elkartzea agendako zoritxarra besterik ez dela. Lastima da gero.

Erregearen jarduerei buruz, ez dirudi Sanxenxon belauntzian lehiaketan untzian itsasoratuko denik, kirola edo lana egitera. Ez omen dago ondo entrenatua, diotenez. La Sexta katean kazetari berezitu bati entzun genionez, Abu Dhabin ez omen dago haizerik. Tira, Ventusky aplikazioa kontsultatu dugu: haizerik ez da falta Abu Dhabin eta Golko Pertsikoan oro har.

Erantzun

Sartu