Teknologia albisteak

Pirinioetako Bidean izena emateko deia egin du Gure Eskuk

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-03-15 : 12:33

Gure Eskuk eta zenbait eragile katalanek udarako antolatutako erabakitzeko eskubidearen aldeko Pirinioetako ekimenean izena eman daiteke jada. Pirinioetako Bidea izango da ekimenaren izena, eta 300 tontor igotzea da erronka, uztailaren 2an, eta ilunkeraren argi suziak piztuz kate bat egitea Kantauritik Mediterraneoraino, Euskal Herriaren eta Herrialde Katalanen erabakitzeko eskubidearen alde.

Jaizkibeletik Benasquerainoko mendi tontorrak egokituko zaizkie euskaldunei, 115 guztira, eta gainontzekoak katalanei. Helburua da farol eta linternak hartuta Higer lurmuturretik Creusera luzatuko den argi-lerro erraldoi bat sortzea. 

Partehartzea errazteko, ibilbidean gailur "berdeak" eta "gorriak" daude. Aurrenekoak Euskal Herrian daude eta jende gehienarentzat dira irisgarriak. "Gorri" gehienak, aldiz, Erdialdeko Pirinioan daude eta mendizale trebatuentzat bakarrik dira egokiak.

Pirinioetako Bidea izango du izena ekimenak, Via Pirinenca katalanez. Katalunian ANCk eta FEEC Federacio d'Entitats Excursionistes de Catalunyak bultzatzen dute nagusiki Pirinioko ekimena, eta laguntzaile dituzte Omniun Cultural eta Artistes de la Republica egiturak ere.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko erreibindikazioa egiteaz, Gure Eskuk nahi du katalanen eta euskal herritarren loturak sendotzeko ere balio dezala. Aurkezpen batean azaldu dutenez, "balioak eta helburuak partekatzen ditugu, baita oztopo eta zailtasunak ere, gainditu nahi ditugunak, elkarlan, inteligentzia kolektibo eta esfortzuaren bidez".

Erantzun

Sartu