Teknologia albisteak

Echo aparailuekin zuri entzundakoa beste batzuei saltzen die Amazonek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-05-02 : 08:24

Kriptografian eta zibersegurtasunean berezitutako informatikari talde batek ikerketa argitaratu du, askok susmatutakoa baieztatuz: ahots aginduei erantzuten duten aparailuek entzun egiten zaituzte (logikoki), horren arabera zure jarraipena egiteko, zure profil bat sortzeko, eta iragarki pertsonalizatuak bidaltzeko, baina ustez ziurtatzen duten baldintza bat hautsiz: beste batzuei pasatzen dizkiete datu horiek. Amazon enpresaren Alexa zerbitzuetan eta Echo aparailuetan oinarritu dute ikerketa eta han ekosistema horretan aurkitu dituzte frogak.

Ikerketak dio Amazonek bere Echo aparatuko ahots-datuak erabiltzen dituela bere plataformetan eta sarean iragarkiak zerbitzatzeko. Erabilpen baldintza ofizialak ere aztertu dituzte, eta ondorioztatu Amazonek hau egiten duen modua bere pribatutasun politikekin bateraezina dela.

Amazonek datuak partekatu egiten ditu 41 iragarle-plataforma edo zerbitzurekin, eta hauetan interes bizia dago Echo/Alexa zerbitzua erabiltzeko: bide honetatik zerbitzaturiko iragarkiak %30 garestiago ordaintzen dita, eta horrek erakutsiko luke "entzumenaren" bidez zehaztutako profila errentagarria dela iragarleentzat.

30 laguneko talde bat hartu zuten lanerako ikerlariek, AEBetako Universit of Washington, UC Davis eta UC Irvine zentroetakoek. Bakoitzak interes jakin batzuen araberako interakzioak izan behar zituem Echo makinekin, eta "kontrol" pertsona bat zegoen interes edo gai difuso edo zuriak zituenak, ez espezifikoak.

Aurkitu zutenagatik, elkarrizketa arruntak dituztenean pertsonek Echoren aurrean, horrek ez luke iragarkirik sortuko: hau da, horretan bederen Amazonek ez zaitu espiatzen, nonbait. Bakarrik Echori edo Alexari zuzenean egindako eskaerak dira iragarki-sortzailea (adibidez, "Alexa, aurki iezaizkidazu espiritualitateari buruzko podkastak").

Baina Amazonek beste gauza batean gezurra dio: zerbitzu baldintzen arabera, Amazon zerbitzuetan iragarkiak jaso daitezke Echoren bitartez, ez zaizkio datuak beste inori saltzen; baina ikerlariek aurkitu dute ezetz. Echo edo Amazonen zerbitzuetatik aparte, nabigatzen bazabiltza X webgunetan, agertuko zaizkizun iragarkiak, Amazon ez diren zerbitzuek emandakoak, zuregana bereziki zuzenduak daude, eta hortaz Amazonek partekatu egiten du Echo bidez entzundakoa beste erakunde batzuekin.

The Verge agerkariak Amazonen bozeramaileen mezu batzuk bildu ditu, non entzuketa defenditzen duten ikerketaz galdetu zaienean, baina gezurtatzen duten ikerketak aurkiturikoa, datuak beste batzuei pasatu edo saltzen dizkietela.

Unibertsitateko ikerketa aurkituko duzue hemen: https://arxiv.org/abs/2204.10920

Irudian, Echo aparailu parearen sustapen irudia. 

 

Erantzun

Sartu