Teknologia albisteak

Bziber egitasmoa berriro martxan maiatzean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-05-01 : 09:13

Azkue Fundazioak zuzentzen duenBziber egitasmoak sare sozialei buruzko lantegiak preestatzen ditu gaztetxoentzat. Hurrengo txandan, Bizkaiko hiru udalerritan egingo dira, Arrigorriaga, Lekeitio eta Ortuellan; maiatzaren 14tik 29ra bitarte, 2008 eta 2011 urteen artean jaiotako gazteentzat.

Gaztetxoekin zenbait plataforma teknologiko aztertzen dituzte Bziber ikastaroetan (Instagram, Tik-tok, Twitch…), eta batez ere ikus-entzunezkoen sorkuntzan eman beharreko urratsetan trebatzen dituzte: ideia pentsatu, gidoitxo bat egin, irudiak grabatzeko teknika egokiak aztertu, editatzen ikasi, eta abar.

Horrekin batera, sarean bideogintzan dauden euskarazko erreferenteak ezagutuko dituzte partehartzaileek, eta tresna teknologiko horien erabileraz hausnartu eta euskarazko edukiak sortuko dituzte talde giroan. Saioak 4 ordukoak izango dira, eta lekuaren arabera goizez edo arratsaldez izango dira.

Lantegion helburua gaztetxoei euskarazko erreferenteak erakustea eta euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzera animatzea da, sareko plataformetan euskararen erabilera areagotzeko asmoz; eta baita sare horien erabileraz jabetzea eta norbere irudiak grabatzearen ondorioez hausnartzea ere.

Izen-ematea www.bziber.eus webgunearen bidez egingo da, maiatzaren 2tik aurrera. Bziber.eus webgunean udalerri eta mankomunitateekin harremanetan jartzeko kontaktuak ere biltzen dira, beste herri batzuetan ere interesa balego tailerrok antolatzeko.

Erantzun

Sartu