Informazio ekonomikoa emateko sortu da aste honetan Enpresabidea.eus, euskarazko egunkari digital berria, "bertako informazio ekonomiko eta enpresarialean espezialializatuta, euskaraz egina eta lurraldean errotua" emateko asmoarekin.
Itxura batean, Viaempresa.cat proiektu katalanaren euskarazko ispilua da Enpresabidea, eta Bilbon eta Donostian bi erredakzio ditu, eta enpresa gisa eratua da, egoitza Donostian edukiz. Agerkariaren koordinatzailea Nico Cuenca Beristain komunikatzailea da; Maite Reizabal eta beste kazetari batzuk daude bertan lanean, eta iritzi alorrean Xabi Murua eta Pilar Kaltzada dabiltza, besteak beste.
Iritzia eta informazioa biltzen ditu webguneak, eta helburu hauekin sortu dela diote bertan. "Euskal ekonomiaren eta enpresa-munduaren ekosistema ikusaraztea eta kohesionatzea du helburu, ikuspegi eraikitzailea eskainiz eta dibulgazioa eginaz. Kontrastatutako ahotsa izan nahi du, zehaztasunez lan egiten duena eta kalitatezko eduki propioak landuko dituena. Gainera, euskararen normalizaziorako pizgarria izatea du helburu lan eta enpresa-ingurunean."
Linkedin eta Twitterren ere badago Enpresabidea, eta bere edukietara e-posta boletin batera harpidetuz ere irits zaitezke; baina helbide nagusirako, apuntatu: https://www.enpresabidea.eus/
Erantzun
Sartu