Teknologia albisteak

Elon Musk-ek Twitter erosteko operazioa abian da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-04-26 : 09:54

Twitterreko zuzendaritzak onartu egin du Elon Musk-en plana, Twitter osorik erostekoa. Burtsatik kendu dute Twitterren akzio-salerosketa, eta akziodun bakoitzak erabakitako prezioan sal diezaioke bere jabetza Elon Muski: 54.20 dolar akzioko, iragarpeneko unean Twitterreko akzioak zuen prezioaren %38ko gainbalorazio bat. 44 milioi dolar prest ditu Muskek operaziorako. Gauzatutakoan, Elon Musk miliotsu ezaguna bere hiru jabetza nagusigatik ezagutuko dugu: SpacexTesla eta Twitter.

Dagoeneko Muskek erosia zuen Twitterren %9 inguru, baina erosketa eskaintzak ez du esan nahi automatikoki gauzatuko denik: beste 1.700 azkiodun handiren artean dago banatua akzio multzoaren %90a; eta beraien esku dago Musken eskaintza onartu ala ez. Hala ere, analistek uste dute gehienek onartuko dutela eskaintza, ekonomikoki arriskatua izan daitekeelako akzioei eustea, eta %38ko gainbalio hori orain eskuratzearen aldean alternatibak oso argiak ez direlako.

Akzioen kontrol nagusia daukanean, guztiak erosi gabe ere, asmoa du Muskek burtsatik definitiboki kentzeko Twitter. Ondoren, bere apeten araberako zuzendaritza izenda dezake, eta bere politika ezarri Twitterren gobernantzan. Nola izango den? Musk libertario aberats egokrata bat da, eta bere diskurtsoa "adierazpen askatasunaren" aldekoa izanik oro har, hori balio demokratiko eta komunitarioekin (zerga bilketa zerbitzu publikoen oinarri gisa, adibidez) bateragarria ote den ikusteko dago.

Twitterren bertan Muskek joera toxikoak erakutsi izan ditu. Bernie Sanders politikari estatubatuar ezkertiar samarra hila hobeto zegoela iradoki zuen iaz:

2018an Tailandiako leize batean mutil talde bat isolatuta geratu zenean, erreskatean parte hartu zuen urpekari britainiar bat iraindu zuen, pedofilotzat joaz. Twitterren kirtenkeria horiek bota ondoren, ikertzaile pribatuak kontratatu zituen akusazioak ontzat emateko, baina epaitegietan ikusi zen ikertzaileak iruzurgileak zirela, edozer asmatu eta hura eman ziotela Muski diruaren rruke.

Musken kirtenkeria hauek beraiek demostratzen dute aski toxizitate egon badagoela Twitterren. Baina era berean, eduki kontsumitzeko metodo algoritmiko hutsen ondoan (Instagram, TikTok, Facebook), Twitterren badago beste kontsumo era bat beste sare sozial horietan ezin dena aplikatu: zuk jarraitu nahi duzun edukia bakarrik jarraitu, eta kronologikoki ikusi eduki hori, ez Twitterrek nahi duen ordenean. Elon Muskek sistema hau desmuntatzen ez duen bitartean, printzipioz, Sustatuk Twitter erabiltzen jarraitzea ontzat emango du.

Irudia, Twitterreko Musken kontuaren irudia, euskarazko interfazearekin. Ikusten duzuen bezala, 2009ko ekainetik dago Twitterren Musk. Sustatu sei hilabete lehenago batu zen sare horretara.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago