Teknologia albisteak

Biba Egunean Behin, zuzenean berriro gaur 22:30etan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-04-12 : 19:28

Egunean Behin jokoaren aurreko bi denboraldietan bezala, telebistako zuzeneko batekin itxiko da joko/aplikazioaren 9. denboraldia. "Biba Egunean Behin" zuzeneko telebista saioa izango da,  ETB1en eta eitb.eus-n, gaur gaueko prime time ordutegian, 22:30ean. Platoan jokatuko diren Egunean Behin partiden formatuan aldaketak egongo dira, baina gauza batek berdin jarraituko du: nor bere etxetik ere konektatuko da, aplikazioaren bidez. 22.30etan jarri telebistan, mugikorra eskuan, eta aplikazioan adi atzera-kontuari.

Mekanikari dagokionez, pertsonaia ezagunen hiru bikoterekin hiru txanda egingo dira, baina formatuan aldaketatxoren bat egongo da, denbora geldiketarekin eta, gonbidatuek galderaz galdera ikusiko dutelarik asmatzen duten ala ez. Hiru bikoteak izango dira, Alex Sardui eta Maren abeslariek osatua bata; Iban Garcia influencerra eta bere ama Maite Azpiazu; eta Irabazi Arte telesaileko Sua Enparantza eta Tessa Andonegi aktoreak. Aurkezleak izango dira Biba Zuek magazineko figurak, Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia.

Puntuazio hazkorrak jokatuko dira bikoteen hiru txandetan, 100, 200 eta 300 puntu. Eta hiru txanda horien ondoren, etxetik hiru partida horietan sailkatutako 20 onenak 4. txandara igaroko dira, non aurreko final batzuetako beste hiru Egunean Behin-eko txapeldun gehituko zaizkien platoan; hortaz, 23 lagunen arteko azken txanpa. Eta sari nagusia hor erabakiko da, 2.000 euroko bidaia bonoa.

Zozketaz, 1.000 euroko beste bidaia bono bat ere emango da, etxeko partehartzaile guztien artean hori.

Aurreko bi edizioetan 20.000 lagunetik gora egin zuen bat aplikazioarekin aldibereko partidak jokatzeko. Halaber, abenduan jokatutako finalak audientzia bikaina izan zuen: % 4,5ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 13,1eko kuota. Gainera, 64.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan.

Erantzun

Sartu