Teknologia albisteak

Wikitribia, beste joko bat euskaraz, kronogramak ordenatzekoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-04-06 : 10:14

Wordle hitzezkoa eta geografikoa euskaratu zituen enpresak, Talaiosek, beste jolas edo denborapasa arin bat euskaratu, kanpoko eredu bat egokituz berriz ere. Wikitribia da jokoa eta euskarazko Wikipedian jatorria duten hainbat eduki kronologikoki ordenatzea edo kronogramak egitea da gakoa.

Wordle ez bezala, ez da erronka bat eguneko. Jokalari bakoitzak Wikitribia bisitatzen duen bakoitzean elementu sorta desberdina jasoko du. Bi elementurekin hasten zara, eta kronologikoki kokatu behar dituzu. Pertsonaien kasuan, bakoitzaren jaiotza data; eraikin bat bada, noizkoa den... Gertarerak edo fitxak kronologikoki antolatzea da kontua.

Hiru bizitza edo bihotz dauzkazu, erretzen dituzunean, akabo jokoa. Goiko irudian ikusten dugunez, gorriz geratu diren pertsonaiekin ez dugu asmatu zuzen jartzen hurrenkeran, eta hor amaitu da jokoa.

Talaiosko Unai Tolosa garatzaileak esan digunez, Wikitribiak jatorria du Wikimedia erakundearen datu-berrerabilpenen biltzar batean. Han erakutsi zen ingelesezko bertsioa, https://wikitrivia.tomjwatson.com/ , eta nola bere garatzaile Tom J. Watson delakoak garatua, kodea partekatu duen, garapen libre horretan oinarritu da Talaios euskarazko bertsio hau egiteko, euskarazko Wikipediako edukiarekin hornituta.

Hortxe duzu, proba ezazue zuen jakintza entziklopediko eta historikoa, https://wikitribia.talaios.coop/

 

Erantzun

Sartu