Lau egunez Redditek antolatutako borroka estetiko edo esperimentu bitxia, r/Place izenekoa, hondarrezko mandala tibetar bat bezala amaitu zen: egindako guztia ezereztaturik. Milioi bat pixeleko lan eta borroka kolektiboan, dena den, ikurrina pare bati eustea lortu zuten hainbat erabiltzaile euskaldunek, ezabaketa saiakerei aurre eginez.
Zera izan da kontua. Aurretik egin izan dira halako saiakera batzuk, baina 2022ko hau handiagoa izan da irismenean. Redditek milioi bat pixeleko oihal zuri bat (1000 x 1000 pixeleko lauki batean) jarri zuen Apirileko Arrainaren egunean (apirilak 1), eta lau egunez iraungo zuela esan zuen.
Erabiltzaileek kolore paleta batetik pixel bat marraztu zezaketen bost minutuero. Guztira, 6 milioi erabiltzailek milioika eta milioika pixel jarri dituzte. Talde gutxi gora-behera antolatuek beren enblema eta ikonoak marrazten saiatu dira lau egunez, eta kontrako erasoak ere egon dira, Zelensky ukrainarraren edo LGBT banderen ezabaketa kasu.
Erabiltzaile euskaldunak ere ikurrina bat baino gehiago egiten saiatu dira, eta zenbait zapuztu dizkiete beste batzuek. Horra atzo arratsaldeko irudi bat, ikurrin bat suntsitze prozesuan.
Bart gauez, esperimentua itxi baino lehentxoago, ikurrina bat defenditzeko deia zebilen sareetan, eta nahiko larri zirudien egoerak. Jendea ikurrina egiten saiatzen ari zen, baina kontrako ahalegin bat zegoen prezeski ikurrinaren kontra, aldameneko irudietan ez baitzegoen aldaketarik, eta bai ordea ikurrinean.
Bereziki latza izan zen borroka Sadboys delako komunitate batekin, beren ikurra gailentzen baitzen ikurrinaren gainean.
Norbaitek konpromisozko konponbide bat proposatu zuen haien kanalean.
Baina azkenean, ikurrina txikiago bat marraztu zuten euskaldunek ikurra salbatzeko.
Ikurrina horretaz aparte besteren bat ere salbatu zen... Goian baina ezkerraldean, katalanen ondoan babes pixkat aurkitu zuen beste ikurrina batek.
Azkenean ikurrinek iraun zuten une batez bakarrik. Azken jokaldia programatuta zegoen nolabait, baina ez iragarria: pixel zurien ekaitz handi batek pixkanaka guztia desegin zuen, eta ez zen ezer geratu.
Suntsiketaren aurreko irudia gorde da, eta hor da ikurrina bi, bederen; bata 1520/410 pixel posizioaren (goian eskumatan), bestea katalanekin 690/325 posizioan, goian ezkerretan.
Hemen bideoan suntsiketa zuria nola gertatu zen. Euskal erabiltzaile batek argazkia atera zion uneari...
Eta itxura orokorra suntsiketaren aurretik...
Erantzun
Sartu