Teknologia albisteak

"Zure begirada Disney, Lisa Simpson ala Matrix motakoa da?"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-04-01 : 10:13

Gaur hasten da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta honekin lotuta online jolas bat proposatu dute, Begira Tú izenekoa; galdera batzuen bidez zuk zeuk zein begirada zinefilorekin begiratzen diozun munduari erakutsiko dizu jokoak. Gaurdanik apirilaren 8a arte dago jokoa irekia, eta amaieran parte-hartzaileen artean 5 bonu zozkatuko ditugu Donostiako Saretuz kontsumo eraldatzailearen sareko dendetan gastatzeko.

10 galdera eta 3 minutu dituzu ohartzeko nola begiratzen duzun inguruan duzuna. Galdetegia, halaber, zeuri buruzko diagnostiko zinefilo bat emango dizu: "Zure begirada Disney, Lisa Simpson ala Matrix motakoa da?"

Helbide honetatik sartu eta ekin.

Zinemaldiari dagokionez, gaur arratsaldez dira lehen saioak, Donostiako zenbait aretotan. Egitarau osoa hemen duzue. Aurten, 24 nazionalitateko 40 film (24 film luze eta 16 labur) proiektatuko dira guztira.

Zinemaldiarekin batera, giza eskubideen aldeko pedagogia-baliabideen IV. azoka ere egingo da, bihar larunbata Donostian, Victoria Eugenia antzokian. PDF honetan informazio zehatza horretaz. 

Bestalde Zinemaldiak sari berezi bat emango dio Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolari (FiSahara) eta bere antolatzaile Abidin Kaid Saleh zinemagileari.

Erantzun

Sartu