Teknologia albisteak

Flandriara lan-bisita kulturala antolatzen

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-03-14 : 09:58

Etxepare Euskal Institutuak, Flandriako Kantzileritza eta Arte Institutuarekin elkarlanean, 2022ko udazkenean eta 2023 osoan zehar FLANDERS – BASQUE COUNTRY lankidetza kulturala garatzea jarri dute helburu, euskal eragile kultural eta sortzaileek hangoekin elkarlanean proiektuak sortu eta euskal sortzaileek Flandriako ekitaldi eta jaialdietan parte hartu dezaten sustatuz. Lehen urrats gisa, 5 eguneko txango profesionala antolatu da maiatzaren 31 eta ekainaren 4aren artean, eta txango horretan parte hartzeko deialdia ireki da: 15 euskal kultur profesionalentzako tokia dago.

15 kultur profesionalak izango dute tokia txangoan, sortzaileak, programatzaileak/komisarioak, eragile kultura... profil indibidualak aurkez daitezke, edo eragile, erakunde edo enpresen orderzkari izan daitezke. Eskatzaileek arte plastiko eta ikusizkoetan, musikan, arte eszenikoetan, ikus-entzunezkoetan, literaturan edo diziplina anitzeko arteen praktiketan aritu behar dute.

Martxoaren 31 arte eskatu daiteke parte hartzea txangoan. Bidaia eta dietak ordainduak izango dira, baina disponibilitatea eskatzen da txangoaren 5 egunetarako (ez bakarrik egun batez agertzea), eta kontuan hartu behar da komunikazio hizkuntza ingelesa izango dela.

Txangoaren helburua da kontaktuak egin eta proiektu posibleen oinarriak ezartzea. Udan, Flandriako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak lankidetza-proiektu zehatzak laguntzeko deialdi bat egingo dute. Deialdi honek joan-etorriko elkarlan proiektuak laguntzeko helburua du, sortzaile trukaketak, sorkuntza proiektuen trukeak, zein erakusleihoak izan daitezkeenak; eta horixe izango da 2022ko udazkenean eta 2023 osoan zehar FLANDERS – BASQUE COUNTRY lankidetza kulturala bilakatuko dena.

Informazio gehiago, Etxepare Institutuaren webgunean.

Erantzun

Sartu