Teknologia albisteak

Gerrak "arau ofizialak" ditu eta hauek dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-03-09 : 15:41

Genevako Konbentzioak "gerrako arauak" definitzen ditu, eta munduko estatu independente guztiek (Nazio Batuetako partaideek) sinatuta dauzkate, eta legez behartuta daude betetzera. Konbentzioaren "zaindaria" ICRC erakundea da, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea, eta Ukrainako gerraren motiboz hari bat argitaratu dute Twitterren Gerrako Arauen laburpen bat eginez. Ez bakarrik dira arauak borrokan dauden armadentzat, kontuan har genitzake denok ere gerrako presoen irudia errespetatzeko orduan (adibidez). 

Hona haria, eta gure itzulpena jarraian, ez literaka parte guztietan, baina ulergarria eta zintzoa (espero dugu):

Zibilak: Ezin zaie eraso egin. Babestu egin behar dira. Ez dira jomuga. Legez kanpokoa da hiru oinarri horiek haustea.

Borrokalariak bereizi egin behar dira zibilengandik operazio militar guztietan, insignia edo uniforme berdinak jantzita eta armak agerian eramanez. Printzipio honek zibilak kaltetik babesten laguntzen du.

Borrokalariek errespetatu egin behar dituzte gerrako arauak. Ez dago salbuespenik.

Azpiegitura zibila ez dira jomuga militar zilegiak. Horrek hartzen ditu: ikastetxeak, ospitaleak, zibilen etxeak, ur garbia hornitzen duten instalazioak eta elektrizitate-lineak. Funtsean zibilek eguneroko bizimodurako behar duten guztia azpiegitura zibilak dira.

Gaixoak eta zaurituak zaindu egin behar dira, nor zein aldetakoa den kontuan hartu gabe. Gatazakan ari direnek, gainera, hil direnak berreskuratu eta identifikatzen lagundu behar dute, eta gorpuen itzulera erraztu nor bere jatorrira, modu duinean. ICRCk laguntza eman dezake zeregin horretan neutral jokatuz.

Gerrako presoak: legeak dio babestu egin behar direla. Indarkeria, beldurrezko mehatxuak eta tratu txarrak ez dira zilegi. Duintasunez tratatu behar dira presoak, eta ez ikusmin publikoaren aurrean erakutsi. Sare sozialetan gerrako presoen irudiak zabaltzea Genevako Konbentzioaren kontrakoa da.

Armak: Debekatuta dago legez kanpoko armak erabiltzea eta armak legez kanpo erabiltzea. "Ez da ez", dio ICRCk baina ez du asko zehazten arma debekatuen kontua harian, ez bada esaldi honekin: "Saihestu egin behar da arma leherkor astunen erabilera eremu jendetsuetan, hau da, hirietan"-

Laguntza langileak eta erakunde humanitarioak: segurtasunez lan egiten utzi behar zaie, ICRCri zein besteei. "Gure lana laguntza ekartzea eta bizitzak salbatzea da." Laguntza humanitarioa oztopatzearen kontrako zigorrak eta neurri murriztaileak har daitezke. Bizitza salbatzeko laguntza blokeatzea ez, ezinezkoa da.

Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren enblema agerikoak bakarrik erabili daitezke kasu hauetan:

  • Medikuntzako langileak eta instalazioak, eta armadetako osasun-langile eta ibilgailuak ere baimena dute honetarako.
  • Gurutze eta Ilargi Gorriko langileak, ibilgailuak, instalazioak. Hauen bidez ekarritako laguntza humanitarioa ere markatzen ahal da.

"Gerraren arauek bizitzak salbatzen dituzte. Gizakiaren sufrimendua murrizten dute", amaitzen da ICRCren mezua. Eta hemen informazio gehiago. 

Irudia, etxeak suntsituta Jakovlivka herrian martxoaren 3an. Wikimedia Commons, cc-by-sa. Zibilen etxeak ez dira gerrako helburu legalak, hemen azaldutako arauen arabera.

Erantzun

Sartu