Teknologia albisteak

Hezkuntzan Librezalek "eraldaketa eta inklusiorako digitalizazioa" nahi du Hezkuntza Legean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-02-19 : 16:30

Hezkuntzan Librezalek zehaztapenak eskatu ditu EAEko Hezkuntza Legean agertzen diren puntu batzuen inguruan, teknologia burujabetzarekin kezkatuta. Webguneko agiri batean azaldu dituzte kezka horiek, lege proposamenean agertzen diren puntu on batzuk aipatuz, guztiarekin.

Puntu batzuetan argipenak eskatzeaz gain, Hezkuntzan Librezalek legean digitalizazioaren gaia nola geratu beharko litzatekeen azaldtzen du, eraldaketa eta inklusiorako digitalizazioa proposatuz. Honako testua ikusi nahi lukete legean:

"Euskal Hezkuntza Sistemak burujabetza teknologikoaren alde egiten du, ikasleen eskubide digitalak eta pribatutasuna errespetatuz eta bitarteko teknologiko auditagarri, berrerabilgarri, libre eta gardenak erabiliz, digitalizazio etiko, arduratsu, eraginkor eta euskalduna bermatzeko aukera gisa. Eta hori epe luzerako begiradarekin diseinatu behar da gure hezkuntza sistema bere burua eraldatzen joan dadin, baita digitalizazioan ere.

Digitalizazioak hezkuntzari aukera askotarikoak eskaintzen dizkio, beti ere, ikaslearen ahalduntzearekin zuzenean lotuak. Ahalduntze horrek, gaitasun digitalak garatzeaz haratago, menpekotasunak sortzea saihestu eta ikasleak ingurune digitalean boteretzea eskatzen du, herritar digital burujabeak izan daitezen.

Digitalizazio-estrategia berri baten bidez, Euskal Hezkuntza Sistemak erantzuna eman nahi die egungo testuinguru berrian planteatutako erronkei, bai teknologia digitalak baliatuz irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan eta baita eraldaketa digitalerako oinarrizko trebetasunen garapena eratuz. Premiazkoak dira digitalizazio etiko, arduratsu, eraginkor eta euskaldun hori ahalbidetuko duten teknologiak eta beharrezko jarraibide metodologikoak, oinarri pedagogikoak kontuan hartu eta ikaskuntza-prozesuak modu berriez bultzatzeko digitalizazioak eskaintzen dituen aukerak baliatuz.

Era berean, irakaskuntzaren gaikuntzarako plan bat indartzea aurreikusiko du legeak, non garrantzizkoena izango den lanabes digitalak ikasleen ikaskuntzari modu espezifikoan eskaintzeko erabiltzea, bai eta ingurune birtual integralak sortzea, prozesuen eta ikaskuntzaren kudeaketa eta ebaluazioa jasotzeko, hala nola familiekiko eta inguruarekiko komunikazioa izateko."

Erantzun

Sartu